Oñatiko udala

Animaliak hil, prestatu eta zatikatzeko ikastaroa antolatu du HAZIk, Oñatin

2022/09/15
Card image cap
Langabeei zuzendutako 180 orduko ikastaroa izango da

  Laneratze aukera handiak dituen formakuntza eskainiko du HAZIk, Udala eta Zubillagako hiltegiarekin elkarlanean: animaliak hil, prestatu eta zatikatze modulua, hain zuzen. Abere hiltegietan profesionalen beharrean daude eta langabeentzat irteera interesgarria izan liteke. Baina formazio egokia behar da eta hori da urrian hasiko den ikastaro honen helburua, hau da, haragiaren sektorean lan egiteko gaikuntza edo formazioa ematea.

  180 orduko ikastaroa da eta animaliak hiltzen, prestatzen eta janarien manipulazioa nola egin ikasiko da, hiltegietako ingurune segurtasun eta babes neurriak lantzearekin batera. Ikastaroa teoriko praktikoa izango da eta instalazio ezberdinetara bisita teknikoak ere egingo dira. Animaliak hil, prestatu eta zatikatzen ikastaroa Oñatin egingo da, goizez, 9:00tatik 14:00tara, urriaren 10ean hasi eta abendura arte. Izen-ematea zabalik dago Lanbideren atarian.

  Ikastaro berri hau Udalak eta HAZI fundazioak 2019an sinatu zuten elkarlanerako hitzarmenaren baitan kokatzen da. Helburua, lehen sektorean aritzeko formazio ikastaroak Oñatin ematea da. Aurrez, abeltzaintzako jarduera osagarriak edo abeltzaintza ekologikoa ikastaroak eman dira, orain, hiltegietan aritzeko animaliak hil, prestatu eta zatikatze ikastaroa egingo da.

  Eusko Jaurlaritzak, Europar Batasunak eta Lanbidek babesten duten ikastaro honetan, Oñatiko Udalak, HAZI fundazioak eta Zubillaga-Oñati hiltegiak elkarlanean jardungo dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!