Anik Zubizarreta izendatu da Debagoieneko Gizarte Mapa garatzeko udal ordezkari gisa

2021/07/21
Card image cap
Pandemiaren eraginez moteldu zen eskualde proiektua abiatzeko asmoa du Mankomunitateak

  Aurtengo aurrekontuak onartzerakoan jada, Gizarte Zerbitzuen Debagoieneko Mapa zehazteko lanari ekitea jaso zen. Horretarako batzorde berezi bat osatuko da Mankomunitate mailan, 2018ko otsailean gobernu juntak jada onartu zuenez.

  Batzorde berezi horretarako udal ordezkariak izendatzea eskatu da Mankomunitatetik. Anik Zubizarreta Oñatik Mankomunitateko gobernu juntan duen ordezkarietako bat da eta berau izendatzea erabaki da, alkate dekretu bidez. Ordezko gisa berriz, Izaro Elorza alkatea izendatu da. Halaxe jakinaraziko zaio Mankomunitateari eta baita udalbatzari ere, bihar egingo duen Osoko Bilkuran.

  Gizarte zerbitzuen alorrean herri bakoitzak dituen ekipamenduak eta beharrak zerrendatuko dira eta eskualde ikuspegitik osatu beharreko hutsuneak identifikatuko dira. Eskatzen duten dimentsioengatik zenbait zerbitzu ezin baitira herri guztietan inplementatu, are gutxiago, gure eskualdean 10.000 biztanletik gorako hiru herri eta tamaina txikiagoko, eta batzuk oso tamaina txikiko, beste bost daudela kontuan hartuta. Baina ez ekipamendu aldetik bakarrik; badira gizarte arloko hainbat programa herririk herri independenteki lantzen ari direla. Elkarlanerako aukerak ere landuko dira Debagoieneko Gizarte Mapa osatzerakoan.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!