Oñatiko udala

Angel Mari Peñagarikanok errege bezperako bertso jaialdian parte hartuko du

2015/12/16
Card image cap
Bertso eskolak Zubikoan arituko den seikotea zehaztu du

  Urte ezberdinetako Gipuzkoako txapeldunak eta larunbatean txapela janzteko aukera duten bi gazte bildu dira seikotean. Angel Mari Peñagarikano, aspaldiko partez Zubikoan bertsotan entzuteko aukera izango dugu errege bezperako jaialdian. Peñagarikanorekin batera, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Aitor Sarriegi eta Andoni Egañak osatuko dute urtarrilaren 5eko jaialdiko bertsolari seikotea. Ohikoa denez, bertso eskolakoak arduratuko dira gaueko gaiak zehaztu eta jartzen.

  Gipuzkoako bertsolariak izango ditugu beraz Gabonetako saioan eta seitik lau gainera, une honetan txapeldun direnak, akaso bosgarren bat ere izango da baina hori larunbatean jakingo dugu, Beñat Gaztelumendik eta Alaia Martinek zapatuko Gipuzkoako bertsolari txapelketako finalekoan arituko baitira. Baina herrialdeko txapela, Angel Mari Peñagarikanok 1991an jantzi zuen, Aitor Mendiluzek, 1995ean eta 2007an, Andoni Egañak, "Zarautz jai txiki" taldeko partaide gisa 1999an eta Aitor Sarriegik 2011an.

  Errege bezperako jaialdiko seikotea finkatzearekin batera, saiorako kartelak eta sarrerak prestatzen dihardu bertso eskolak. Sarrerak, datorren astetik aurrera Txokolateixan salgai jarriko dira, 10 €tan sarrera orokorra, gaztetxoenak 7 €tan. Urtarrilaren 5ean Zubikoako takillan ere izango da sarrera eskuratzeko modurik. Gogoratu, jaialdia, gaueko 22.30tan hasiko dela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!