Anbulatorio inguruko irisgarritasun lanak direla eta San Juan kaletik Bidebarrietara doan errepidea 3 hilabetez itxita egongo da osasun zentroaren ondoko errotonda parean.

2012/10/15

  Lanek irauten duten bitartean, Otxuena etxeko eta San Juan kale 9 eta 13 zenbakidun etxeetako garajeetara ezin izango da sartu. Hori jakinaraziz, aipatu garaje ataritan oharrak jarri ziren asteburuan. Bai erabili ezinik geratuk diren garaje atarietan eta baita Bidebarrieta eta Zubibarri kale inguruko bebarruetan ere. Lanek, bertako auzotarrei ere eragingo baitiete.

  San Juan Kaletik Bidebarrietara doan errepidea hiru hilabetez egongo da moztuta, horrek esanahi du, saihesbidera irteteko edo bertatik Bidebarrieta eta Kiroldegi ingurura joateko Arantzazuko ama kaleko sarrera irteerak erabili beharko direla hala beharrez.

  Hilabeteko epean oraindik, kiroldegia eta ikastola aurrealdeko aparkalekuak erabilgarri egongo dira baina, hilabete barru, lanak inguru horretara zabalduko dira eta errepidea, Zubikoa ondoko errotonda parean itxiko da.

  Osasun Zentroaren inguruko urbanizazioa irisgarritasun baldintzetara egokitzeko lanek eraginda, ikastolako autobusa kiroldegi ondoko errotonda horretan geratuko da haurrak hartu eta uzteko.

  Gogoratu, lanok bi fasetan egingo dira: Lehenean, anbulatorio aurrealdetik kiroldegiko eraikin berrira arteko tartean lan egin da eta bigarren fasean, berriz, lanak, Bidaurretako errotonda pareraino luzatuko dira.
Gaur bertan hasi den obraren interbentzio nagusia, anbulatorio aurrealdean egingo da. Ingurua, oztoporik gabeko plataforma bakar bihurtuko da eta espaloiak eta galtzada maila berean jarriko dira, kiroldegi aurrealdean dagoen gorri koloreko asfalto guneari jarraipena emanez. Anbulantziak geratzeko gune bat ere markatuko da osasun zentroaren aurrealdean.

  Kiroldegi aurrealdean elbarrientzat dauden aparkalekuak berrantolatuko dira eta beste plaza bat egokituko da errepidearen bestaldean. Ikastolak autobusarentzat erreserbatutako aparkalekua ere lekuz aldatuko da lurrazpiko parkinera sartzeko igogailua dagoen gunerantz.

  Udaltzaingoaren egoitzarako sarreran arrapala egokituko da eta Bake epaitegirako sarbide zuzena egingo da.

  Lanak, Egaralur enpresak egingo ditu 91.500 euro gehi BEZaren truke.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!