Oñatiko udala

Amiantoaren udal inbentarioa egiteko zerbitzua kontratatu da

2024/01/12
Card image cap
Era guztietako eraikinak eta lurrazpiko elementuak ere zerrendatzea aurreikusten da

  Amianto edo asbestoa zuntz-itxurako mineral-taldea da. Produktu manufakturatu anitzetan erabilia izan da baina osasunarentzat oso kaltegarria da, minbizia eragiten duela frogatu baita. 2022 lege baten arabera udalei dagokie udalerrian amiantoa duten instalazio eta kokaleku guztien errolda egitea. Eta horretan jarri da Udala, lana, Eurocontrol enpresari esleituta.

  Era guztietako eraikinetan egon liteke amiantoa, bai etxebizitzetan baita txabola eta bordatan era. Alde horretatik lan handia izango du kontratatu den enpresak, udalerriak duen hedadura zabala kontutan hartuta. Katastroa eta drone bidezko irudiak erabiliko dira, besteak beste, amiantodun eraikinen zerrenda osatzeko. Baina lur-azpian ere izaten da amiantoa, fibrozementuzko hodietan, esaterako. Ur hodietan halako materiala erabili zen aurreko mendeko hainbat hamarkadetan baina inbentario hori egina dauka Gipuzkoako Ur Kontsortzioak eta datuak batzea besterik ez da egin beharko.

  Amiantoaren udal inbentarioa kontsultarako dokumentu garrantzitsua izango da udaleko Hirigintza departamentuko teknikarientzat, lan baimenak ematerakoan, adibidez. Amiantoa duten elementuak kentzeko segurtasun eta osasun protokolo berezia jarraitu behar da. Udalak ere lan hori egin beharko du eta eraikin publikoetan amiantoa ezabatzeko ekintzen egutegia zehaztu beharko du. Amiantoa kentzeko lanen lehentasuna markatzeko irizpide nagusi izango dira, arrisku maila eta herritar ahulenen esposizioa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!