Amaitu dira Olakua auzoko 2. areako irisgarritasun lanak

2021/02/09
Card image cap
Atzo asfaltatu zen errepide zatian margotze lanak egin eta trafiko seinaleak jartzea bakarrik falta da

  Ia lau hilabete iraun dute Olakua auzoko 2 eta 3 zenbakidun etxe-blokeen inguruko urbanizazioa berritzeko lanak. Oinezkoen ibilbideak, zebra-bideak eta mugikortasun urria duten pertsonentzako aparkalekuak berritu dira, irisgarritasun arauetara egokitzeko edo, araua guztiz bete ezin denean, zuten egoera hobetzeko.

  Espaloiak zabaldu dira eta zintarria ipini da berdegunearen bueltan, ikusmen urria duten pertsonen orientazioa errazteko. Horrezaz gain, 2-A eta 2-B etxeen aldameneko ibilbideak berritu dira, zoladura berria jarriz eta bidea oztopatzen duten bide-seinaleak eta farolak lekualdatuz. Bi zebra-pasagune berri egokitu dira Txiki Txokora eta autobus geltokira doazen oinezkoen bideekiko lotura modu seguru eta irisgarrian bermatuz.

  Bi zebra-bide horiek altxatutako plataforma erakoak dira. Baina oraindik ez dira guztiz amaitu, margotze lanak egiteko daudelako. Aste honetarako gainera, euria iragarrita dago kasik egunero, eta halako giroarekin ezin dira margotze lan horiek egin. Errepidea, zebra-bideak eta bestelako margotze lanez gain, zutikako trafiko seinaleak jartzea ere falta da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!