Amaitu dira Natur eskolan teilatu berdea egokitzeko lanak

2021/05/19
Card image cap
Kanpoko urbanizazioa eginda, eraikina erabilgarri egongo da

  Hasieran aurreikusitakoa baino gehiago ari dira luzatzen Natur eskola birgaitzeko lanak. Faseka egiten ari dira eta zenbait kasutan, teilatua esaterako, aurreikusita ez zeuden lan osagarriak ere egin dira.

  Eskolako lanak egin ahala, txintxinak eta ur filtrazio arazoa antzeman ziren teilatuan eta horiek konpondu ez ezik, teilatu berdea egokitu da. Aukera hori Natur eskola birgaitzeko hasierako proiektutik berreskuratu da, izan ere, aurrekontu arazoak zirela eta baztertu egin baitzen hasieran.

  Natur eskolako teilatua isolatu eta drainatze sistemaz hornitu da, ur filtrazio berririk gerta ez dadin. Material organiko geruza ezberdinak eratu dira eta gainean belarra jarri da. Teilatu berde honek termo-erregulatzaile lanak beteko ditu, eraikina udan fresko eta neguan bero mantenduz.

  Helburu berberaz egin dira Natur eskolako gainontzeko birgaitze lanak, energetikoki ahalik eta eraikin jasangarriena izan dadin. Hala, kanpoko paretak lasto fardoz eta bestelako zelulosa eta ehun organikoz babestu ziren. Urik behar ez duten komun sikuak eta fitoaraztegi txiki bat ere egokitu dira. Eraikinaren funtzio pedagogikoa balioan jartzeko lanak egin dira. Eta funtzio hori, pedagogikoa alegia, ikasturte berrian berreskuratuko du Natur eskolak, lanak guztiz amaituta. Kanpoko urbanizazio lanak egitea soilik falta da eta  ekainean zehar burutzea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!