Amaitu dira kale garbiketa zerbitzuko pioi eta pioi gidari lanpostuetarako azterketaldiak
Pioitarako azterketa praktikoa atzo egin zen eta pioi gidari lanpostuei dagokiona gaur goizean zehar. Horrela, hautaketa prozesuari dagokion oposizioaldia bukatu da. Orain, lehiaketa-aldian, hautagai bakoitzaren merituak baloratuko dira. Baina horretarako, lanpostura aurkeztutakoan adierazi ziren merituak egiaztatu behar dira.
Hautaketa prozesuaren oinarrietan jaso zenez, astebeteko epea dago merituak egiaztatzen dituzten agiriak aurkezteko. Lan esperientzia eta formazio osagarria da bereziki baloratuko dena eta ondorioz, egiaztatu behar dena. Agiriak, udal bulegoetan presentatu behar dira. Pioi lanpostuetara aurkezten direnen kasuan, gaurtik hilaren 13ra bitartean, eta pioi gidari lanpostuetara presentatu direnen kasuan berriz, bihartik hilaren 14ra arte.
Printzipioz, azterketaldia gainditu duten hautagaien merituak bakarrik baloratuko dira baina une honetan, ez dira jakinarazi oraindik azken azterketa praktikoen emaitzak. Datozen egunetan argitaratuko dira udaleko web atarian ohikoa denez. Bitartean, hautagaiek, dagozkien agiriak presentatuta daukaten lan eskarmentua eta prestaketa osagarria egiaztatu behar dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!