Amaia Erostarbe Letamendi EAJren alkategai izango da maiatzeko hauteskundeetan

2023/02/13
Card image cap
Amaia Erostarbe, EAJren alkategaia maiatzeko udal hauteskundeetarako
Oñatiko herriak behar duen eta eskatzen ari den aldaketa gidatzeko hautagai egokiena dela diote jeltzaleek

  Larunbatean argitaratu zuen Gipuzkoako Buru Batzarrak Oñatiko alkategairen izendapena. Amaia Erostarbek esan du gogo biziz, prestutasunez eta konpromisoz heltzen diola izendapenari.

  Amaia Erostarbe Letamendi filologian lizentziatua da, Euskal Kulturgintzaren transmisioan aditu eta hezkuntzan egin du lan-ibilbidea, urte askoan Gasteizko Iralen eta azken urteetan Oñati institutuan irakasle. Une honetan udal zinegotzia da, Kultura eta Ongizate Zerbitzuak batzordeetako kide da. Bigarren legealdia du udal hautetsi moduan Amaia Erostarbe jeltzaleak.

  Oñatik aurrera egiteko behar duen aldaketa gidatzeko pertsonarik onena delako hautatu dutela adierazi dute Uri Buru Batzarreko ordezkariek. Erostarbe, emakume abertzalea, bakezalea, hurbila eta baikorra ere badela adierazi dute EAJko udal taldeko kideek. Aldi berean, publikoki eskertu diote alkategai izateko erronkari heltzean erakutsi duen konpromiso eta prestutasuna. Gipuzkoako Buru Batzarreko web atarian izendapenaren berri eman eta hurrengo egunean, atzo alegia, EAJk Barakaldoko BECen egin zuen hautagaiak aurkezteko ekitaldian parte hartu zuen Amaia Erostarbek.

  EH Bilduk ere Udal Jardunaldiak egin zituen larunbatean Donostiako Tabakaleran. Hurrengo urteetan udalgintzatik heldu beharreko erronka nagusien inguruan jardun eta hausnartu zuten. Oñatiko EH Bilduko ordezkaritza zabala izan zen bertan Izaro Elorza alkatea buru.

  Gaur goizean, bestalde, Alderdi Popularrak Oñatirako alkategaia aurkeztu du: Ricardo Guisado-Balanzategui Urbano. Aurkezpen ekitaldi horretan adierazi direnak biharko albistegian laburbilduko ditugu.

  Hiru dira, oraingoz, udal hauteskundeetarako Oñatin aurkeztuko diren hautagaitzak eta alkategaiak; azken egunotan ezagutu ditugun EAJ eta PP eta aurrez aurkeztu zen EH Bildu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!