Aloñako larreetako lantaldeak batzarra egingo du bihar Kultur etxean

2024/01/17
Card image cap
Aurtengo beharrak zehaztu eta jaso nahi dira

  Aloña inguruko larreen kontserbazio eta inbertsio-planifikazioa egiten da urtero GOILARRE izeneko programaren baitan. Larre horietara ganadua bazkatzera eramaten duten ganaduzaleen bizi eta lan baldintzetan eragin zuzena duten inbertsioak izaten dira. Planifikazioa Aloabel, Aloñamendiko Abeltzain Elkartearekin egiten da, Udala eta Foru Aldundiarekin elkarlanean.

  Egin ohi diren lanak ugari eta anitzak dira: bideak, ur-aska eta ur instalakuntzak konpondu, ur-aska berriak egin, harrapalekuak konpondu, itxiturak konpondua eta berriak egin edota larreetako xehaketak egin, besteak beste. Udal aurrekontuetan 27.000 euro daude 2024ko kanpainarako.

  Zein lan egin pentsatu eta planifikatzeko batzarra deitu da bihar arratsalderako. Kultur etxeko zine aretoan egingo den bileran 2023an egindako lanen azalpena emango da eta 2024rako beharrak jasoko dira. Bide batez, lehentasunak ere zehazten saiatuko dira. Ruraltxa proiektuaz ere berba egingo da; Ruraltxa behientzako hesitura birtuala jartzean datza. Bertaratutakoen galdera eta eskaerak entzun eta, ahal dela, erantzungo dira amaieran.

  Aloña aldean hazienda larreratzen duten ganaduzaleak gonbidatu ditu Udalak biharko bilerara, garrantzitsua delako bertan eztabaidatu eta erabaki daitekeena. Aloñako lantaldearen batzarra, gogoratu, Kultur etxeko zine aretoan egingo dela bihar, osteguna, 18:00etan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!