Oñatiko udala

Aloña Mendi tabernan lapurreta egin dute bart

2018/01/15
Card image cap
Kaxako eta txapon makinako dirua eraman du, ustez bakarra zen lapurrak

  Inguruko bizilagun batek eman die gertatzen ari zenaren abisua ertzainei. Aloña Mendi tabernara atzeko leiho batetik pertsona bat sartzen ikusi du nonbait eta ertzainei deitu die. Baina iritsi direnerako ez dute inor topatu. Dirudienez, pertsona bakarra izan da lokalera sartu dena, horretarako erabili duen leihoa gainera, apurtuta ei zegoen. Kaxako eta txapon makinako dirua eraman omen du. Aloña Mendi elkarteko presidentea goizean goiz tabernan egon da ertzainekin gertatutakoa ikusten eta salaketa prestatzen.

  Pasa den astean, hainbat garaje eta Arantzazu auzoko bi baserritan lapurrak sartu zirela jakinik, herriko zaintza areagotu egin du Ertzaintzak. Landa auzoetan ez ezik, herri sarreretan ere ertzainen kontrol eta zaintza handitu egin da baina neurriak ez du aparteko emaitzarik eman oraingoz. Gertaera hauek bailarako udaltzainek Bergarako ertzain buruarekin egin ohi dituzten koordinazio bileran aztergai izango dira. Halakoak, bi hilean behin egiten dituzten eta hurrengoa, datorren asteazkenerako, hilaren 24rako hitzartuta zuten, 2017ko balorazioa egiteko. Azken astean Oñatin ugaldu diren lapurreta salaketa eta ahaleginak ere aztertuko dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!