Alkarrekin Eratu proiektua abiatu da zaintzaren alorrean pertsonen prestakuntza eta laneratzea sustatzeko

2023/01/27
Card image cap
Egitasmoa babestuko duen lankidetza hitzarmena sinatzea onartu zen atzoko Osoko Bilkuran

  Alkarrekin Eratu proiektua abiarazteko lankidetza hitzarmena sinatu dute Udalak, Elkarzabal elkarteak, Bidebarri laneratze enpresak, Bastida Akademiak eta Debagoieneko Mankomunitateak. Helburua, zaintzaren alorrean lan bila dabiltzanei edo sektorean diharduten langileei formakuntza eta laneratzeko akonpainamendua eta jarraipena eskaintzea da.

  Bi urtetarako sinatu da lankidetza hitzarmena eta dagoeneko martxan da, astean berri eman dizuegunez, astelehenean hasi baitzen arreta sozio-sanitariorako prestaketa ikastaroa, 15 ikaslerekin. Ikastaro teoriko-praktiko hau uztailean amaituko da eta irailean, antzeko beste formazio ikastaroa hasiko da beste 15 ikaslerekin. Baina Alkarrekin eratu programa ez da formaziora mugatzen, azken helburua laneratzea da, eta hala, lan munduan sartzeko prozesuan jarraipena egingo zaie ikastaroa egiten dutenei; akonpainamendu bide bat egingo da bakoitzarekin, ahalik eta gehienak lanean egon daitezen bi urteko epean. 2024a amaituta lankidetza hitzarmen honetan bat egin duten erakunde, elkarte eta enpresek proiektuaren balorazioa egingo dute, jarraitu daitekeen edo ezer aldatu, moldatu behar den erabakitzeko.

  Alkarrekin eratu proiektua, ekonomikoki, Gipuzkoako Foru Aldundiak sostengatzen du nagusiki. Egitasmoa Zubillagako Olaburu zentroan kokatu da baina eskualdeko langabeei edo zaintza arloan diharduten langileen zuzenduta dago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!