Alex Txikon mendizaleak hitzaldia egingo du Arantzazun larunbatean
Txikonek harreman berezia du Arantzazurekin. Mendi eta kirol erronka ezberdinak prestatzeko bertarako joera handia du bizkaitarrak eta horren haritik, harreman sendoa egin du Arantzazuko hainbat fraiderekin. Aurtengo neguan esaterako, Everesten zegoela, telefono mezu bidez komunikatzen zen berauekin. Hala, gogo onez hartu du Arantzazuko Adiskideak elkarteak hitzaldia emateko luzatu zion proposamena. Larunbatean, 11:00tan, hitzaldia eskainiko du Gandiaga Topagunean. Solasaldian, Everestera oxigenorik gabe igotzeko ahaleginaz berba egingo du. Helburua lortu ez zuen arren, muturreko esperientzia horren ingurukoak azalduko ditu mendizale bizkaitarrak.
Arantzazu Gaur Fundazioa eta Parketxearen laguntzaz antolatu den hitzaldi hau ez da mendizaleentzat bakarrik, baizik eta Txikonen bizi esperientziaren gainean interesa duten guztientzat, Arantzazuko Adiskideak elkartekoek adierazi dutenez.
Hitzordua, esan bezala, larunbatean, goizeko 11:00tan Arantzazuko Gandiaga topagunean izango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!