Oñatiko udala

Aldi baterako itzulpen zerbitzua kontratatu du Udalak, hainbat batzordetarako

2024/02/16
Card image cap
Urtebeterako kontratua egin da Eskura Itzulpen Zerbitzuak enpresarekin

  Euskara menperatzen ez duen zinegotzi baten beharra betetzeko aldi baterako itzulpen zerbitzua kontratatzea erabaki du Udalak. Hautetsiaren partaidetza duten batzordeak, bilera egutegia eta iraupena hartu dira kontutan zerbitzuaren kostua zehaztu eta kontratua egiterakoan.

  Turismo eta Partaidetza eta Garapen komunitarioko batzorde informatiboetako kide da zinegotzia. Bilerak hilean behin egiten dituzte bi batzordeek eta bi ordutik beherako iraupena izan ohi dute. Gainera, hilean behin, udalbatza osoak parte hartzen duen Osoko Bilkura egiten da, iraupen finkorik gabe, baina gehienetan ordubete baino laburragoak izaten delarik. Guzti hori kontutan hartuta, interpretazio zerbitzua 40 bat saiotan beharko dela aurreikusi da eta horren araberako proposamenak eskatu zaizkie arloan diharduten bost enpresari. Bik bakarrik erantzun dute eta eskaintza merkeena, Eskura Itzulpen Zerbitzuak S.L.k egin du. Horren aldeko ebazpena egin da.

  Aldi baterako itzulpen zerbitzuaren kontratua urtebeterako egingo da, 2024rako, 9.800 euroko gehienezko aurrekontuarekin. Zerbitzuaren erabiltzaile den zinegotziak parte hartzen duen bileren eta iraupenaren arabera egingo da zerbitzuaren kostuaren likidazioa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!