Aldi baterako igeltsero ofiziala kontratatzeko deialdira 3 eskaintza soilik aurkeztu dira orain arte.

2013/04/22
Udalak kaleratu duen lanpostu honetarako eskaera epea, ostegunean, hilaren 25ean amaitzen da.

  Udalak kontratatu asmo den igeltsero ofizial honek udal brigadan egingo du lan. Bere ardura nagusia, udal eraikinetan eta kale plazetan konponketa eta mantentze lanak egitea izango da. Hala, kale eta plazetan, baldosak, zintarriak, galtzadarriak edota asfaltoa aldatzeko lanak egin beharko ditu, udal eraikinak kontserbatu eta mantentzeko lanetan ere jardun beharko du eta hiri altzariak, eserlekuak, oztopo zutoinak edo trafiko seinaleak jarri beharko ditu. Igeltserotzari zuzenean ez dagokion arren, udaleko lan taldeak egin ohi dituen pintaketa eta garbiketa lanetan edota jaietako eszenatokian muntatu eta jasotzeko lanetan ere jardun beharko du.

  Udalak aldi baterako izaeraz kontratatu nahi duen igeltsero ofizial lanpostura aurkeztu ahal izateko, formazio eta ezagutzari dagozkion oinarrizko hiru baldintza bete behar dira: eskola graduatua, lanbide heziketa bat igeltserotza arloan edo pareko titulazioa izatea; B gida baimenaren jabe izatea eta euskarari dagokionean, bigarren hizkuntza eskakizunaren maila izatea. Baldintza horiek beteta, hautaketa prozesuan parte hartu nahi duen orok zabalik du jada izen emate epea.

  Eskaerak, udal bulegoetan egin behar dira ostegunera bitartean. Eskariak eta dokumentazio osagarria aurkezteko epea apirilaren 25ean amaituko baita, esan bezala.

  Orain arte, hiru eskaintza soilik jaso dira udal bulegoetan baina epea itxi aurreko azken egun hauetan, gehiago izatea espero da. Udal enplegu zerbitzutik perfila betetzen duten langabetuei, lanpostuaren inguruko argibideak eman zaizkie.

  Eskaera orriarekin batera, nortasun agiriaren kopia eta eskatutako titulazioaren fotokopia aurkeztu behar dira. Gainera, lehiaketa fasean baloratuko diren merituen fotokopiak ere erantsi behar dira. Lehiaketa fase horretan lan esperientzia eta prestakuntza ikastaroak baloratuko dira. Eta horixe da hain zuzen ere, epaimahaiak lehenik neurtuko duena, hau da, lehiaketa faseari dagozkion merituak. Arlo honetan aipatu behar da, igeltsero ofizial kategoriako lanak bakarrik balioetsiko direla eta lanpostuaren funtzioekin zerikusia dutenak.

  Meritoen balioespena egin ondoren, hautagaiek, lanpostuaren funtzioekin zerikusia duen atal praktikoa egin beharko dute. Epai mahaiaren esku izango da ariketa praktikoa egitera zenbat hautagai deituko diren: aurkeztu diren guztiak ala, asko badira, meritoen puntuaketa altuena lortu dutenak soilik. Asmoa, udarako jada, brigadarako igeltsero ofiziala lanean hasita egotea da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!