Alberto Plazaola eta Santi Arrospide askatzeko erabakia baliogabetu du Auzitegi Gorenak
Alberto Plazaola eta Santi Arrospide aske utzi izanaren aurka Fiskalak aurkeztutako helegitea ontzat eman du Auzitegi Gorenak, eta, ondorioz, baliogabe utzi du Auzitegi Nazionalak bi presoak kaleratzeko abenduan eman zuen agindua. Horrenbestez, Alberto Plazaola oñatiarrak berriro espetxera itzuli beharko du. Arrospide, jada, kartzelan dago beste bi delitu egotzi baitzizkioten Auzitegi Nazionalak aske utzi eta gero.
Auzitegi Nazionalak Plazaola eta Arrospide aske utzi zituen abenduan, Frantziako espetxeetan preso emandako urteak Espainiako zigorrean aintzat hartuta. Baina Fiskalak erabaki horren aurka egin zuen. Auzitegi Gorenak Ministerio Publikoaren helegitea aztertu du gaur, eta ETAko bi kideak berriz kartzelatzea ebatzi du.
Arrospide urtarrilean sartu zuten berriro espetxean 1986an eta 1987an izandako bi atentatutan parte hartu izana leporatuta. Behin behinean dago preso. Plazaola, berriz, aske dago. Baina espetxera itzuli beharko du Frantzian kartzelan igarotako urteak ez baititu aintzat hartu Gorenak, Europako Batasuneko araudiak jasotzen duenaren aurka.
Erabakia bost epaileen artean hartu dute baina ez da ahobatezkoa izan, Joaquin Gimenezek boto partikularra eman baitu errekurtsoaren kontra.
Auzitegi Gorenak gaur hartu duen ebazpena Auzitegi Nazionalari helaraziko zaio eta orduan kaleratuko da Plazaolaren eta Arrospideren kaleratzeak bertan behera uzteko agindua.
Auzitegi Nazionalak Europako Batasuneko arau bat oinarri hartuta erabaki zuen presoen zigorrak bateratzea eta Plazaola eta Arrospide aske uztea. Baina Gorenak lege europarra ezartzearen aurka egin zuen urtarrilean Kepa Pikabearen helegitea ebazterakoan eta erabakia berretsi du gaur.
Alberto Plazaola, “Aitto”k 24 urte eman ditu kartzelan eta Gorenaren ebazpenaren arabera beste lau bete beharko ditu.
Plazaolari elkartasuna azalduz eta “neurrira” egindako espetxe politika salatuz elkarretaratzea egingo da 19.00tan plazan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!