Oñatiko udala

Aitor Tatiegik publikoaren eta bertso onenaren sariak eskuratu ditu 52. Osinalde Sarian

2024/04/08
Card image cap
Aner Peritzek irabazi du

  Aner Peritz Euzkitzek irabazi du 52. Osinalde Saria. Aurretik bi aldiz izan da bigarren eta larunbatean borobildu zuen Osinaldeko bere ibilia. Aitor Tatiegi bigarren sailkatu zen eta bi sari eraman zituen, entzuleena eta bertso onenarena. Eki Mateorena hirugarren gelditu zen, Maddi Aiestaran, laugarren, Bittor Altube, bosgarren, eta Aitor Ugarte, seigarren. Maila handiko finala eskaini zuten sei bertsolari gazteek zapatuan Gabirian, eta seiek utzi zituzten bertso dotoreak saioan zehar.

 Behetik gora egin zuen saioan, eta goi mailan aritu zen Aitor Tatiegi. Epaileen puntuaketan ez, baina entzuleen irudipenean gustukoena izan zen oñatiarra, eta haien saria jaso zuen. Baita bertsorik onenarena ere. Kartzelako lanean, ofizioka Eki Mateorenarekin hamarreko txikian botatako lehenengo bertsoak merezi izan zion sari hori; elkartzeko ez al da / egiten orea / nere denbora eta / zure zaporea bukatu zuen bertsoa, badakizue ez dela komeni, buruhaustea besterik ez dizuela ekarriko, baina bion arteko tentsio sexuala handiegia da gaiari. Aurrez, kartzelako lehen ariketa modura, hitz banari kantatu behar izan zien; Mateorenak zaporeari eta Tatiegik denborari.

  Bertso afari giroan jokatu zen Osinalde Sariko finala Gabirian, larunbat gauean. 140 lagun inguru bildu ziren. Saioa Ane Etxezarretak aurkeztu zuen eta epaile lanetan aritu ziren, Lurdes Murua, Aratz Igartzabal, Eresti Oiarbide, Asier Iriondo eta Asier Ibaibarriaga.

  18 bertsolarik parte hartu dute 52. Osinaldi Sarian, Zaldibian, Aztirian eta Ordizian jokatu ziren hiru kanporaketan banatuta. Tatiegik, Aztirian lortu zuen finalerako txartela, lehenengo sailkatu ondoren. Larunbateko finalean bigarren sailkatu zen eta publikoaren eta bertso onenaren sariak eskuratu zituen. Orain bi aste, bigarren sailkatu zen Azpeitian jokatutako Erniarraitz sariketako finalean. Gipuzkoako bertso txapelketako sailkapen faserako gogor ari da prestatzen Txinparta bertso eskolako kidea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!