Aitor Tatiegik Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finalean parte hartuko du

2019/02/18
Card image cap
Ibarran jokatu zen lehen kanporaketa irabazita, finalerako txartela zuzenean jaso zuen oñatiarrak

  Ibarrako Sendi ekintza elkartean hasi zen ostiralean Gipuzkoako Eskolarteko Bapateko txapelketaren lehen kanporaketa eta Aitor Tatiegik finalerako txartela eskuratu zuen, puntuaziorik handiena lortuta. Ibarrako saioan, Aitor Tatiegirekin batera, Joar Garatek, Araitz Sagarnak, Maddi Aiestaranek, Ekain Tolaretxipik eta Hodei Munduatek parte hartu zuten.

  Gipuzkoako Eskolarteko XXXIX. Txapelketan 23 bertsolarik hartuko dute parte guztira. 14-18 urte bitarteko bertsolari gazteak dira eta txapelketa afari formatuan jokatuko da. Finala berriz, Lasturko plazako tabernan izango da apirilaren 5ean.

  Hiru oñatiarrek parte hartuko dute Eskolarteko honetan, Aitor Tatiegik, Xabier Agirrek eta Bittor Zubiagirrek. Agirrek, martxoaren 15ean Orion kantatuko du eta Zubiagirrek Oñatin, Larrain-Gain elkartean martxoaren 22an jokatuko den azken kanporaketan. Bertso afari giroan izango den saio honetarako txartelak eskuragarri daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

 Iaz ere Aitor Tatiegi Gipuzkoako finalean aritu zen. Azken urteetan ia urtero oñatiarren bat izan da Gipuzkoako finalean. 2014an gainera, Maider Arregi izan zen Gipuzkoa eta Euskal Herriko eskolarteko txapelduna.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!