Aita Madinari eskainitako kontzertua izango da bihar Musikenen

2022/06/21
Card image cap
Aitor Biainek musikariaren figuraz hainbat argibide emango ditu hasieran eta Esteban Urzelaik Suhar korua zuzenduko du

  Musikenek antolatuta Aita Madina musikari eta konpositoreari eskainitako kontzertua izango da bihar, 19:00etan. Ekaina akaberan 50 urte beteko dira konpositore oñatiarra hil zenetik eta haren omenez, bere musika-ondarea ikastegiko auditoriumean entzungo da, bihar. Kontzertuaren hasieran aurkezpena egingo dute, Itziar Larrinaga Musikeneko Ikerketa Koordinatzaileak eta Aitor Biain oñatiarrak, bertaratutakoei Zubillagako musikaria gerturatzeko.

  Madinak musika asko sortu zuen eta bereziki ezaguna da harparako, gitarrarako edota abesbatzetarako sortu zuen musikagatik. Sorkuntza esparru guzti horiek islatuko dira biharko kontzertuan eta harparako musika eta gitarra laukoterako musika Musikeneko irakasle eta ikasleek interpretatuko dute. Kontzertuaren amaieran berriz, korurako musika nagusituko da eta gizonez osatutako Suhar abesbatzak kantatuko du, Esteban Urzelairen zuzendaritzapean. Amaia Zipitria izango dute pianoan lagun eta Maite Arruabarrena mezzosoprano eta irakasleak bakarlari gisa abestuko du Aita gurea doinu ezaguna.

  Musikenek euskal musikagileak gizarteratzeko abian jarri duen Gure Sortzaileak Gogoan zikloaren ikasturteko azken jardunaldia da izango da biharkoa. Kontzertua irekia eta doakoa izango da.

  Otsailean Aita Madinaren lan bat entzun ahal izan zen Musikenen, Tetraludium estreinekoz eman baitzuen ikastegiko orkestra sinfonikoak, orduan ere euskal sortzaileei eskainitako kontzertuan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!