Oñatiko udala

Aita Madinaren "Tetraludium" lana estreinatuko du Musikeneko orkestra sinfonikoak, larunbatean

2022/02/07
Card image cap
Oñatiko udalaren ordezkaritza bat izango da kontzertuan

  Tetraludium lana agustinoek gordetzen duten Aita Madinaren artxiboan dago. Dirudienez, Buenos Airesen bizi zen garaian konposatu zuen baina ez da inoiz jo jendaurrean. Aitor Biain Bidarte, musika banda eta Ganbara abesbatzaren zuzendaria konturatu zen Tetraludium lana estreinatu gabe zegoenaz, Madinaren errepertorioaz ikerketa egiten ari zela. Musikeneko irakasle batekin komentatu eta estreinatu gabeko lana zela ziurtatu ahal izan zuen. Orain, Musikeneko orkestra sinfonikoak bere egitarauan sartzea, eta ondorioz, estreinatzea erabaki du.

  Unai Urretxok zuzenduko duen kontzertuak lau euskal sortzaileren obrak bilduko dira: Jesus Guridi, Pablo Sorozabal, Francisco Escudero eta Aita Madina. Kontzertua Musikeneren Donostiako egoitzan izango da larunbatean, otsailaren 12an, 19:00tan. Oñatiko udalaren ordezkaritza bat hurbilduko da emanaldira. Musikene, gainera, Gure sortzaileak gogoan izeneko zikloa osatzen ari da zentroaren 20. urteurreneko ospakizunen baitan, eta Aita Madinari eskainitako programazio berezia prestatzen ari da ekainerako. Musika emanaldiak eta hitzaldiak antolatzea aurreikusten da. Hala, Musikenek bat egingo du Aita Madinaren heriotzaren 50. urteurrenarekin.

  Herrian bertan, Oñatin, Artixa taldea ari da urteurren horren bueltako ekitaldien zerrenda osatzen. Ekainaren 30ean beteko dira 50 urte Aita Madina hil zela, baina horren harira antolatzen ari diren ekitaldiak urteurreneko egunatik haratago joango dira. Hasteko, 50. urteurreneko ekitaldiak irudikatuko dituen logoa argitaratu da otsaileko Kontzejupetik aldizkarian.

  Francisco Madina apaiz agustinoa 1907ko urtarrilaren 29an jaio zen Zubillagako Txipitxaile baserrian. Arginetinan eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan zen eta musika ugari sortu zuen baina bada, nonbait, jendaurrean sekula jo ez den piezarik, esan bezala. Sortzailea hil eta 50 urtera estreinatuko da larunbatean Aita Madinaren Tetraludium lana, Donostiako Musikenen, bertako orkestra sinfonikoak emango duen kontzertuan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!