Oñatiko udala

Aita Madina txistulari taldeak kontzertua eskainiko du Madrilen larunbatean

2022/01/17
Card image cap
Madrilgo San Inazio elizan joko dute, Euskal etxeak gonbidatuta

  Ez da ohikoa Aita Madina txistulari taldearentzat Euskal Herritik kanpora jotzea baina, tarteka, halako gonbidapenak suertatzen direla eta, ahal den neurrian, betetzen saiatzen direla esan digu Aitor Madina taldeko zuzendariak. Bitartekaria gainera Madrilen bizi den oñatiar bat izan da, Urko Urteaga. Urteagak txistua ikasi zuen Jose de Azpiazu musika eskolan eta egun txistu eskolak ematen ditu Madrilgo Euskal etxean. Urko Urteaga kontzertuan parte hartzera gonbidatuko dute eta baita ere Madrilen den Esteban Urzelai. Urzelai Espainiako koru nazionaleko zuzendari-ordea eta Madrilgo Euskal etxeko abesbatzaren zuzendaria da baina txistularia ere bai.

  Txistulariek kontzertua Madrilgo San Inazio elizan emango dute larunbat arratsaldean, 19:00tan. Ordurako pasa berri izango den San Sebastian eguna gogoan, San Sebastian martxa joaz hasiko dute kontzertua. Egitarauan Gernikako arbola, Eibarko kontrapasa edota Deika doinuak jaso dira. Amaitzeko Agur Jaunak joko dute.

  Larunbateko kontzertua txistulariek lotuta daramaten ekitaldi bakarra da baina guztiz irekita daude beste zerbaitetan laguntzeko, jakin badakite eta sansebastianak tarteko ospakizunen bat badagoela Euskal etxean domekarako.

  Egungo osasun egoerak hala eraginda Aita Madina taldean baja batzuk egongo dira asteburuan eta Legazpiko txistulari talde baten laguntzaz osatuko dute Madrilerako buelta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!