Aita Madina omentzeko musika ziklo berezia prestatu da

2022/05/31
Card image cap
(Arg: Goiena)
Ekainetik azarora hainbat kontzertu, mahai-inguru eta disko aurkezpena izango dira

  Ekainaren 30an beteko dira 50 urte Francisco Madina musika konposatzaile hil zela. Hori gogoan omenaldi egitarau zabala antolatu da datozen sei hilabetetarako, atzo egin zen prentsa agerraldian azaldu zenez. Azaroan egin ohi diren Musikegunak ekainetik udazkenera luzatuko da aurten eta Aita Madinaren hainbat lan, formazio ezberdinen eskutik, eta agertoki ezberdinetan entzun eta gozatu ahal izango dira. Artixa kultur elkartea ari da ziklo berezi hau prestatzen, Udalaren laguntzarekin.

  Ekainaren 12an izango da lehen kontzertua, parrokian, 19:00tan;  Aitor Olea organo jotzaile durangarrak eta Amaia Azpiazu abeslari oñatiarrak eskainiko dute. Buenos Airesen eta Ameriketako Estatu Batuetan idatzitako 12 pieza jo eta abestuko dituzte. Aitor Olea organo-joleak atzoko aurkezpenean aitortu zuenez, Madina birusak jota dago, Xabier Ugartek kutsatuta,  baina ez du txertorik jartzeko asmorik.

  Iñaki Olalde Kultura zinegotzia ere Artixa elkartearen eskutik ari omen da Aita Madina eta bere obra ezagutzen, atzo esan zuenez. Eta herritarrok ere izango dugu horretarako aukera hainbat kontzertu, mahai-inguru eta disko aurkezpen antolatzen ari baitira ekainetik azarora.

  Ekainaren 12ko lehen kontzertuaren ondoren, uztailaren 3an, auzoko jaien baitan, Madinaen kantuak abestuko ditu Oñati abesbatzak Zubillagako ermitan egingo den mezan. Urriaren 9an, Bidaurretan, egingo du emanaldia Oñati abesbatzak, Mirengu Plazaolaren gidaritzapean, eta hil horren 16an, berriz, disko aurkezpena egingo du, Esteban Urzelai oñatiarrak zuzentzen duen Suhar abesbatzak. Egun hauetan aritu dira diskoa grabatzen, besteak beste, Madalenako ermitan. Mahai-inguru bat ere prestatzen ari dira. Azaroan, Hots eta Ganbara abesbatzek Aita Madinaren lanez osatutako emanaldia eskainiko dute eta Arrasateko Txorbela otxoteak ere kontzertua egingo du Aitor Olearekin batera, baina data zehazteke dago oraindik. Kontzertuak leku ezberdinetan eskainiko dira: agustinoen elizan, Santa Ana aretoan edota Bidaurretako elizan. Kontzertuetarako sarrerak 5 eurotan salduko dira eta ohiko bideetatik eskuratu ahal izango dira.

  Zubillagako Txipitxaile baserrian jaiotako musikagilea eta bereziki bere obra hobeto ezagutzeko aukera izango da datozen hilabeteotan, konpositorea omentzeko antolatu den egitarau zabalari esker.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!