Oñatiko udala

Aita Madina eta Aita Mortara kaleetan aparkaleku gutxiago egongo dira astelehenetik aurrera

2021/02/08
Card image cap
Gipuzkoako Urak enpresak ur sarea hobetzeko lanak egingo ditu

  Lana eremuak Aita Mortara eta Aita Madina kaleak eta Unibertsitate etorbidea hartuko ditu; Aita Mortara kalean hasiko dira eta Aita Madinatik Unibertsitate etorbideraino iritsiko dira. Astelehenean, lanei ekiteko, unibertsitate atzealdean nahiz institutu aldamenean dauden aparkalekuak kenduko dira, langileen aldagela-kasetak jarri eta materiala uzteko. Aparkaleku murrizketa honek ez die eragingo egoiliarrentzako berdez markatuta dauden aparkalekuei, bai ordea, urdinez margotutako batzuei.

  Gipuzkoako Urak enpresak, ur hornidura eta saneamendu sareak berrituko ditu eta Aita Madina kalean, euri urak biltzeko sarea ere bai. Lanak Aita Mortara kalean hasiko dira eta egun agustinoen terrenotatik doan hodi zatia aldatuko da, sare osoa lur publikotik bideratu ahal izateko. Lan eremuko zenbait gunetan gainera, hoditeria zaharra fibrozementuzkoa da eta amiantoa dauka. Hoditeria hori estali eta zerbitzuz kanpo utziko da, hoditeria berria sartuta.

  Lan eremua Aita Mortaratik Aita Madina kalera eta Unibertsitate etorbidera zabalduko da, Txaketuaneko bidegurutzerantz. Azken fase honetan lanek trafikoari eragingo diote, errail bakarra erabili ahal izango baita. Baina horren berri aurrerago emango da. Txaketuaneko bidegurutze inguruan jarriko diren oztopo zutoin hidraulikoen instalazioa ur hornidura hobetzeko lan hauekin batera egin asmo dira. Horretarako, zutoinak jarriko dituen Nortrafic enpresako arduradunarekin bilera datorren astean egingo da, kronogramak uztartzeko. Lanak Unibertsitate etorbidera iristen direnean trafikoari eragingo diote, esan bezala, eta semaforo bidez erregulatuko da. Lanek zortzi bat aste irautea aurreikusten da.

  Gipuzkoako urak enpresak ur hornidura sarea hobetzeko hainbat lan egingo ditu Oñatin. Handienak, Aita Mortara eta Unibertsitate etorbide inguruan astelehenean hasiko dituenak eta jarraian Lope Agirre kalean egingo dituenak dira. Zubillagan eta Moiua kalean beste hartune eta lotura lan txikiagoak egitekoak dituzte baina horiek amaierarako utziko dira. Guztira, sei hilabetez luzatuko dira Gipuzkoako urak enpresak Oñatin egingo dituen lan hauek.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!