Aita Lizarralde kalean semaforoak jarriko dira berriro
San Martingo etxaldea handituz doa eta aldi berean, bertara bizitzera joan diren herritarren kopurua haziaz doa. Auzotar hauek herri gunera jaisterakoan, Martzelino Zelaia kalearen bidegurutzean dagoen zebra bidea erabiltzen dute. Aipatu zebra bidea Aita Lizarralde kalearen erdialdean kokatuta dago. Berez, asfaltoz altxatua eta espaloiaren altuera berean egokitu den zebrabidea da baina ez da nahikoa trafikoaren abiadura baretzeko. Inguruan ez dago ibilgailuak moteltzeko elementu eraginkorrik eta hainbat gidari, abiadura handian pasatzen dira oinezkoen segurtasuna arriskuan jarriz.
Oinezkoen segurtasuna hobetze aldera, pasabide horretan orain urte batzuk zeuden semaforoak berreskuratzea erabaki zuen Udalak. Baina aurrez, Foru Aldundiaren iritzia eskatu zen, Aita Lizarralde kalea, GI-2630 errepidearen zatia baita eta ondorioz, Diputazioaren jabetza eta ardurapekoa. Foru erakundeak udal ordezkarien kezkarekin bat egin zuen eta pasabidea semaforo bidez hobetzea ontzat jo zuen. Eta hala egingo da. Udalak, Aita Lizarralde eta Martzelino Zelaia kaleek bat egiten duten inguruan dagoen zebra bidearen bi aldetan, semaforo bana jartzea erabaki du. Semaforoa botoiduna izango da eta oinezkoek zapalduta, gorriz jarriko da. Gainera, eta pasabidea bera ondo ikusi dadin, semaforoetako batek argi puntu bat ere izango du.
Udaleko zerbitzu teknikoek lehen proposamen eta aurrekontua eskuratu dute. Obra zibilaren inguruko zehaztasunak lotuta, semaforoa jartzeko lanak egingo dira. Asteetako kontua izatea espero da. Semaforoa jarrita, ingurutik pasatzen diren oinezkoen segurtasuna hobetu nahi da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!