Oñatiko udala

Aita Lizarralde kale inguruan egokitu diren geltoki berriak astelehenean jarriko dira martxan.

2012/07/06
Astelehenetik aurrera autobusak ez dira erdigunetik sartuko.

  Horixe da hain zuzen ere, geltoki aldaketa honen helburu nagusia. Portu kale edota Santa Marina eta Euskadi Etorbidea bitarteko lotunean autobusa sartzeak sortzen dituen arazoak ekiditea. Bide batez, herriko jaixetan edota kirol ekitaldiren bat dagoenean erdigunea ixtearen ondorioz aldika izaten diren geltoki aldaketak ere ez dira egin beharko. Alegia, Bidaurreta inguruan behin-behineko geltokia egokitu gabe, Aita Lizarralde kalekoa finkoa izango da.

  Geltoki aldaketa hau egin ahal izateko lanak aurreikustakoa baino astebete lehenago amaitu dira. Euskadi Etorbidean zeuden markesinak geltoki berrietara ekarri dira eta autobusentzat propio gordetako lekua dela adieraziz zorua margotu da. Hasiera batetan, lanok, uztaila erdialderako amaitzea pentsatu zen baina esan bezala, aurreratu direnez, geltoki aldaketa bera ere aurreratzea erabaki da.

  Aurrerantzean beraz, eta astelehenean bertan hasita, autobus zerbitzu publikoa herri gunera sartu gabe saihesbidetik bideratuko da. San Lorentzotik datozen autobusak Kalegoiena parean egin den geltokian geratuko dira eta handik, bariantetik posta bulegora sartuko dira. Kontrako norabidean, berdin. Korreosko geltoki nagusitik saihesbidera irtengo dira eta Olakuarako bidean, Aita Lizarralde kaleko transformadore aldamenean egokitu den geltokian geratuko dira.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!