Oñatiko udala

Aisialdiko begirale titulu ofiziala eskuratzeko ikastaroa egin-egingo da

2022/10/10
Card image cap
Gutxieneko izen-emate kopurua bermatuta, parte hartzeko aukera badago oraindik

  Urriaren 22an jarriko da martxan Udaleko Hezkuntza departamentuak antolatutako aisialdiko begirale ikastaroa. Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulu ofiziala eskuratzeko aukera emango die izena eman duten hamalau lagunei. Gutxieneko partaide kopurua ziurtatuta, taldea osatzeko aukera dago oraindik. Parte hartzeko interesa dutenek izena, lehenbailehen eman behar dute oñati.eus web orrian dagoen formularioa beteta.

  Parte hartzeko DBH titulua eta 2023ko maiatza amaieran, hau da, atal teorikoa burutzen denerako, 18 urte beteta eduki behar dira, praktikak egiteko adinez nagusi izatea eskatzen baita. Alde praktiko hori egiteko bi urteko epea izango dute partaideek, 2024ko irailera arte. Titulua eskuratzeko memoria osatu eta aurkeztu beharko da.

  Udalak diruz lagundutako ikastaroa da eta ondorioz, aprobetxamendu egokia erakusten duten herriko ikasleek eta langabeek matrikula kostuaren % 75a berreskuratuko dute.

  Urriaren 22an hasi eta datorren urteko maiatzaren 28an amaituko da aisialdiko begirale ikastaro honen arlo teorikoa. Formazioa larunbat goizetan jasoko dute 9:00-15:00 ordutegian, Txaloka ludotekan, Lizaur kaleko 5ean. Hezten aisialdi euskaltzalea taldea arduratuko da ikastaroaren gidaritzaz.

  Bi aste barru hasiko den ikastaro hau Udalak antolatuta Oñatin egingo den bosgarrena izango da, oin hurrengoa 2018an egin baitzen. 2020an talde berri bat abiatzeko aukera eman zen baina gutxieneko izen-ematea osatu ez zenez bertan behera utzi zen. 2022-2023 ikasturte honetan bai, egin-egingo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!