Oñatiko udala

Ahateak erretiratu dira Olakuako urmaeletik garbiketa eta berritze lan sakona egiteko

2016/02/19
Card image cap
Inguruan ugaritu diren arratoiak akabatu eta lorategia txukundu asmo da

  Olakuako San Andres kooperatibako ordezkariek egindako eskaera aintzat hartuz, urmaela garbitu eta eraberritzea erabaki zuen Udalak iazko urrian. Lanak nola egin zehazten aritu dira eta aste honetan bertan ahate eta antzarak erretiratu dituzte.

  Azken urteotan arratoiak asko ugaldu dira urmaelaren inguruan. Baina hegaztiak bertan direla arratoiak kentzea zaila da, antzarek bereziki, garbitzaileei eraso egiten dietelako. Horregatik, eta garbitu eta berritze lan sakonak egin ahal izateko, animaliak bertatik kentzea erabaki da. Hegaztiak leku seguru eta zaindu batera eraman dira. Tarteka banakaren bat azaltzen da oraindik putzuan, baina joan etorrian dabiltzan hegazti migratzaileak dira. Udal arduradunak errekaren ur emaria gutxitzearen zain daude bestalde, ubidea itxi, putzua hustu eta garbiketa hasi ahal izateko. Lorategia ere txukunduko da. Neurriz kanpo hazi diren hainbat landare moztuko dira eta soildu diren beste gune batzuetan landare berriak sartuko dira. Arratoi zuloak kendu eta hauek akabatzeko tratamendua ere egingo da. Uda parterako lanak amaituta egotea espero dute udaleko zerbitzu departamentuko arduradunek. Orduan, astean erretiratu diren hegaztiak berriro ekarriko dira.

  2014ko udan egin ziren urmaela garbitzeko azken lanak, baina orduan, hegaztiak bertan zirela egin ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!