Oñatiko udala

Agortu da erosketa bono kanpainarako Udalak jarritako dirua

2021/11/10
Card image cap
Bono berririk ezin da erosi eta eskuratutakoak abenduaren 3rako kontsumitu behar dira

  Kontsumo epea ez da aldatu baina bai bonoak erosteko epea, hasieran azaroaren 30a edo udal aurrekontua agortu arte iragarri zelako eta bigarren aukera hori atzo arratsaldean bete zelako. Ondorioz, oñati.bonoak.eus web aplikazioaren bidez bonoak erosteko aukera desaktibatu da. Udalak 75 euroko erosketa bono bakoitza %20arekin laguntzen du eta 30.000 euro bideratu zituen egitasmora, dagoeneko agortu den diru-partida.

  2.340 herritarrek erosi dituzte kontsumo bono horiek eta 2.744 bono saldu dira guztia. Bono horiei esker 181.762 euroko salmentak ahalbidetu dira.

  Bono berririk ezin da erosi baina dagoeneko eskuratuta daudenak kontsumitzeko, gastatzeko epea, abenduaren 3an beteko da. Era berean, saltokietako arduradunek abenduaren 17ra arteko epea izango dute euren lokaletan erabilitako bonoak justifikatu eta udalaren dirulaguntza jasotzeko.

  Udal ordezkariak pozik agertu dira bigarren bono kanpaina honek izan duen harrerarekin. Aurrekoa bezala, zehaztutako epe-mugaren aurretik osatu baita. Oñatiarrek herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alde duten jarreraren adierazgarri dela berretsi du Xabier Igartu Sozioekonomia zinegotziak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!