Agiriko margo lehiaketa berreskuratuta igandean jokatuko da
Oñatiko Margo Taldeak 2020an hala beharrez eten behar izan zuen lehiaketaren antolakuntzari heldu dio eta XVIII. ageriko margo lehiaketarako deialdia kaleratu du. Igande goizean izango da, 9:00tatik 14:00tara. Lehen bi ordutan, 9:00tatik 11:00tara, margo-euskarriak zigiluz jotzen egongo dira Kultur etxean, eta 13:00tatik 14:00tara berriz itzuliko dira margolanak jasotzeko. Bitartean, partaideak, herriko txoko ezberdinetan ikusten dutena mihiseetan irudikatu beharko dute.
Adin aldetik ez da mugarik jarri eta nahi duen orok parte hartu ahal izango du. Hori bai, sariak adinaren arabera banatuko dira eta 16 urtetik beherakoak eta nagusiak kategoriak berezituko dira. Margolanetan erabiliko diren teknika eta neurriak ere libreak dira. Lanak euskarri gogorrean aurkezta derrigorrezkoa izango da eta udalerriko edozein lekutan baina kanpoaldean margotu beharko dira. Partaideek, gehienera, bost orduko tartea izango dute margolanak egin eta aurkezteko, 9:00tatik 14:00tara, alegia. 14:30tan berriz, epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da eta sari banaketa ekitaldia egingo da Kultur etxean.
Bi maila bereiziko dira: helduena eta 16 urtetik beherakoena. Helduen mailan 600, 400 eta 300 euroko hiru sari emango dira, eta 300 euroko beste sari bat, aurreneko hiru sailkatuen artean ez dagoen lehen oñatiarrarentzat. Gazteen mailan 100, 60 eta 30 euroko hiru sari eta opariak emango dira.
Aurkezten diren lanak Kultur etxean jarriko den erakusketan ikusi ahal izango dira igande arratsaldetik aurrera. Erakusketa irailaren 25etik urriaren 16ra egongo da ikusgai.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!