AGIPAD elkartearen laguntza kontratatu da Adikzioak Prebenitzeko Udal Plan berria osatzeko

2021/06/08
Card image cap
Urrian hasi eta 2022ko udaberrirako amaitzea da asmoa

  Adikzioak prebenitzeko azken udal planak 2017-2020 urte tartea hartzen zuen, alegia, berritu beharrean dago. Plan berria egiteko prozesua abian jartzearekin batera, orain arteko planaren indarraldia luzatzea erabaki du gobernu taldeak, eta era berean, plan berria egiten laguntzeko AGIPAD elkartea kontratatzea.

  AGIPAD elkarteak aurkeztutako proposamenean lana hiru fasetan egitea aurreikusten da. Herriko eragileengana joko da diagnostikoa osatzeko, eta amaieran, plana aurrera eramango duten sektore ezberdinei presentatuko zaie. Garrantzitsutzat jotzen da herriko eragileekin elkarlanean aritzea, kontsumoaz eta adikzioez dagoen pertzepzioaren berri izateko eta gaiaren inguruan sortzen diren ideiak, ekimenak eta proposamenak herritarren neurrira eta ohituretara egokitzeko. Hala, Aloña Mendi kirol elkartera, emakume taldeetara, ikastetxeetako ikasle, irakasle eta guraso-elkarteetara, osasun zentroko langileengana, gazte taldeengana, tabernari eta dendari elkartera edota bestelako gizarte elkarte eta taldeetara jo asmo da.

  Diagnostikoaren faseak zazpi bat asteko iraupena izango du; ondoren, sei bat astetan, adikzioak prebenitzeko plan berria idatzikoa da eta helburuak, ekintza plana, tenporalizazioa eta balorazio adierazleak zehaztuko dira; eta azken hiru astetan, sektore ezberdinei aurkeztuko zaie. Urri erdialdean hasi eta udaberrirako amaitzea aurreikusten da.

  Oñatiko adikzioak prebenizeko udal plan berriak lau urteko iraunaldia izango du, 2022tik 2025era.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!