AEK-k ireki du jada Korrika 18rako kilometro salmenta.

2013/02/25
Udalak, kilometro bat erosiko du eta udaletxeko balkoian Korrikaren aldeko kartela jarriko da honek irauten dituen hamar egunetan zehar.

  Korrika 18a, martxoaren 14an Andoainen hasi eta 24an Baionan amaituko da. 10 eguneko tarte horretan, Korrikaren lekukoa eta euskararen aldeko mezua eskuz esku eta herririk herri ibiliko da. Oñatitik, martxoaren 21eko goizaldean, 4ak inguruan pasako da Udanatik San Prudentziorako norabidean.

  Bidean egingo diren kilometroak diruz laguntzeko epea irekita dago jada. Kilometroak bakarka edo taldeka erosi daitezke. Interesatuak, Arrasateko AEK-ko euskaltegira zuzendu daitezke. Kilometroa diruz laguntzeko gutxieneko kopurua 400 euro da. Hori, esan bezala, gutxienekoa da, Udalei eta lantegi handiei 500 euro eskatzen baitzaizkie.

  AEK-k, datozen aste hauetan jasotzen dituen eskaera guztiak zerrendatuko ditu eta Korrika hurbildu ahala, kilometroen banaketa zozketa bitartez egingo da. Ondoren, bakoitzari egokitu zaion kilometroa adieraziko da eta diru sarrera nola egin eta lekukoaren eramaileak eta bere laguntzaileek izango dituzten petoak non jaso zehaztuko da.

  Udalei, esan bezala, kilometroa 500 eurotan saltzen zaie. Oñatiko udalak, ohiturari jarraituz, Korrikako kilometro bat erostea erabaki berri du. Ez hori bakarrik. Herria girotzeko, honek irauten dituen 10 egunetan zehar Korrika kartela udaletxeko balkoian jarriko da. Herrian, dagoeneko, halako kartelak ikusgai daude. Plazan bertan, Txantxiku Ikastolako bigarren hezkuntzako eraikinean Korrika kartela jarrita dago. Datozen asteetan, herriko ikastetxe guztietan jarriko da. Eta udaletxeko balkoian ere bai, martxoaren 14tik 24ra.

  Udalak, betidanik babestu du Korrika euskararen aldeko lasterketa baina lehen aldia izango da hau iragartzen duen kartela udaletxeko balkoian jartzen dela.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!