Administrarien lan poltsa osatzeko deialdia egin du Udalak
Udalaren beharretarako administrarien lan poltsa eratzeko deialdia egin du gobernu taldeak. Hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko, 16 urte beteta eta batxilerra, LH-2 edo baliokidea den titulu ofiziala edukitzea eskatzen da. Euskara mailari dagokionez berriz, 3. hizkuntz eskakizun maila egiaztatu beharko dute hautagaiek.
Lan poltsara aurkezten diren lagunek, hainbat azterketa gainditu beharko dituzte: proba teoriko eta praktiko bana, azterketa psikoteknikoa eta egiaztagiria aurkeztu ez dutenek euskarari dagokiona ere egin beharko dute. Azterketaldiaren ondoren, hautagaien lan eskarmentua eta formazio osagarria baloratuko da, tartean, informatikari dagokiona ere bai.
Administrarien lan poltsa osatzeko deialdiaren oinarri eta xehetasun guztiak udaleko web atarian, www.oñati.eus atariko lan-eskaintza atalean ikusgai daude. Gaurko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ere argitaratu dira, lan poltsa honetara aurkezteko epea irekiz. Eskaerak, bihartik aurrera egin daitezke udal bulegoetan. Horretarako azken eguna, uztailaren 11 izango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!