Oñatiko udala

Administrarien lan poltsa eratzeko merituen behin behineko balorazioa argitaratu da

2016/12/15
Card image cap
Emaitza horiekiko erreklamazioak larunbatera arte aurkeztu daitezke

  Azterketaldia amaituta, lehiaketa fasean, lan esperientzia eta formazio osagarria baloratu zaie prozesuan dirauten 12 hautagaiei. Horretarako egiaztagiriak aurkeztu behar izan dituzte. Epai mahaiak merituen behin behineko balorazioa egin du eta emaitzak udaleko web atarian nahiz udaletxeko iragarki taulan jarri dira ikusgai. Horrelakoetan egin ohi denez, erreklamazioetarako 3 eguneko epea ere ireki da, hau da, abenduaren 17ra arte, larunbatera arte. Erreklamazioren bat egin nahi duenak, udal bulegoetan aurkeztu behar du.

  Merituen balorazioa eginda hautagaien puntuazioa argitaratu den arren, oraindik ezin da lan poltsarako hurrenkera zehaztu, azterketaldiari zegokion azken ariketaren emaitzak ez baitira argitaratu oraindik. Azterketa psikoteknikoa azaroaren 30ean egin zen baina emaitzak, esan bezala, oraindik ez dira kaleratu. Hori egin bezain pronto, ariketa guztiak gainditu dituzten hautagaien puntuazio orokorra atera ahal izango da eta bai azterketaldian nahiz lehiaketa fasean lortutako puntuen arabera osatuko da lan poltsa zerrenda, beti ere, puntuazio hurrenkera jarraituz.

  Udalean pilatzen diren lanei aurre egin edota langileren baten baja betetzeko erabiliko da administrarien lan poltsa hori. Oñatiko udalak aspaldian ez zuen halakorik, eta azkenaldian izan diren beharretarako inguruko udal eta erakundeetako lan poltsetara jo da langileak aldi baterako kontratatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!