Oñatiko udala

Adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua kontratatzeko esleipen prozesua aztergai da Tokiko Gobernu Batzarrean

2023/01/19
Card image cap
Gabonetako etenaren ondorengo lehen batzarra da gaurkoa

  Adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua emango duen enpresa bi urtetarako kontratatzea aurreikusten da lizitazio oinarrietan, baina urtez urte luzatzeko aukera jaso da, lau urteko gehienezko iraupenarekin. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, berriz, 39.376 euro da urteko. Baina eskaintza ekonomikoa ez da erabakigarria izango, zerbitzuaren memoria txostenak eta hobetze proposamenak 51 puntu lortzeko bidea emango baitu, 100eko eskalan.

  Eguneko arreta udal zerbitzua 65 urtetik gorako herritarrei zuzenduko da, autonomiari eusten bere ohiko ingurunean mantendu, gizarteratzen lagundu eta balizko isolamendu egoerak konpentsatzeko zerbitzu gisa. Astean bizpahiru egunetan eskainiko da zerbitzua, astelehenetik ostiralera, eta erabiltzaileen arabera zehaztuko den ordutegi eta egutegian.

  2023a hasi berri den honetan aurreko urteko diru-kontuak itxi behar ditu Udalak eta hainbat dirulaguntzen zuriketa eta likidazioak onartuko dira gaurko batzarrean: kirol elkarte eta taldeenak edo euskara ikasleei eskainitakoak, besteak beste. Euskaraldia antolatu eta dinamizatzeko Udalak eta Euskaltzaleon Topaguneak sinatu zuten lankidetza hitzarmenari dagokion likidazioa ere aztertuko da bileran, dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzea onartzearekin batera.

  Gabonetako etenaren ondorengo urteko lehen batzar honetarako 11 gaiko lan zerrenda osatu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!