Adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua eskaintzeko esleipen prozesua abian du Udalak

2023/01/26
Card image cap
Eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 6an amaituko da

  Pasa den asteko Gobernu Batzarrean onartu ondoren, adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua eskaintzeko esleipen prozedura abian jarri da, zerbitzuaren oinarriak eta esleipenerako baldintzak argitaratuz. Interesa duten enpresek otsailaren 6ra arteko epea dute eskaintzak udal bulegoetan aurkezteko.

  Mendekotasun arin egoeran edo mendekotasun arriskuan dauden adinekoei zuzendutako eguneko arreta zerbitzua da Udalak martxan jarri nahi duena. Hasierako bi urteetan, astean birritan eta egunean bi orduz beteko litzateke zerbitzua, baina eskaeraren arabera handitzeko aukera aurreikusi da kontratazio baldintzetan. Hala, zerbitzua astean hirutan eskaintzera pasa liteke ondorengo bi urteetan. Kaleratu berri den deialdian, zerbitzua bi urtetarako kontratatzea baita helburua, baina urte-urte beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Hasierako bi urteetarako balioetsi den lizitazio aurrekontua, 39.376 euro da, urteko.

  Baina proposamen ekonomikoa ez da zerbitzua esleitzerakoan irizpide nagusia izango, 100 puntuko balorazio orokorrean 39 eskuratzeko aukera emango baitu. Gehiago baloratuko da, memoria teknikoa eta konkretuki, programaren helburuei erantzuteko osatzen den proiektua, koordinazio eredua, erabiliko diren tresna eta materialen egokitzapena, lan egiteko estrategiak, erabiltzaileen trebakuntza digitala hobetzeko ekintzak, zerbitzuaren ebaluazio sistema eta langileen kudeaketa, besteak beste.

  Erabiltzaileen eta familien beharrei arreta emateaz aparte, hauek eragile aktibo izan daitezen proposatuko diren dinamikak baloratuko direla argitu du Susana Altuna Ongizate batzordeburuak. Proiektu honek sozializatzeko eta bakardade egoeretan eragiteko espazio izan gura duela, eta udalak dituen beste helburu estrategiko batzuekin bat egiten duela azaldu du Izaro Elorza alkateak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!