Oñatiko udala

Abuztuan zehar berrantolatu diren Haur liburutegia eta“ Haurtxoteka” espazio berria gaur arratsaldean irekiko dira.

2013/09/10
Adin taldearen arabera zerbitzu espezializatuagoa ematea da helburua.

  0 eta 6 urte bitarteko haurrei eta beren zaintzaileei zuzendutako HAURTXOTEKA kultur etxeko sarrerako solairuan zegoen bilera gelan egokituko da. Haur liburutegitik hurbil dago baina aparteko espazio batean. Honela, haur txiki eta guraso nahi zaintzaileei, elkarrekin irakurtzeko behar duten txoko goxo hori eskaini nahi izan zaie. Haurtxotekak, 40 metro karratu ditu. Paretak margotu dira, zoruan alfonbra berezi bat jarri da eta zenbait estante eta apaletan, 0-6 urte bitarteko haurrentzat eta bere gurasoentzat egoki diren liburuak jarri dira. Horrela, lehen haur liburutegian jada bazuten espazioa handiagotu egin da.

  Moldaketa honek, haur liburutegiko aretoa bera berrantolatzeko aukera eman du. Gunea berriro ordenatu da eta 6-14 urte bitarteko erabiltzaileei egokitutako zerbitzu espezializatuagoa eskaintzeko moduan jarri da. Kontsultarako gunea handitu da eta etxeko lanetarako espazioa ere bereziki zaindu da. Txikienekin batera batzuetan deseroso sentitu daitezkeen 12-14 urte bitarteko gazteek gustuko leku izan dezaten lortu nahi da, betiko erabiltzaile izan diren 6-12 urtekoak ahaztu gabe.

  Haur liburutegiaren berrantolaketa lana abuztuko oporrak aprobetxatuz egin da. Guneak egokitu eta material berria eskuratzeko 13.000 euroko inbertsioa egin da. Dekoraziorako zenbait elementu falta diren arren, iritsi ahalaz jartzen joango dira. Bitartean, haur liburutegia eta “haurtxoteka” gaur arratsaldean irekiko dira. Aurrerantzean, ikasturtean zehar, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 4:30etik 7:30era zabalik izango dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!