% 91arekin, azken 10 urteetako exekuzio maila altuena izan duen aurrekontua da 2017koa

2018/02/12
Card image cap
Inbertsioen exekuzioa % 74.4koa dela adierazi du udal gobernu taldeak

  2017ko aurrekontuaren likidazioa amaitu berritan balorazio oso baikorra egin du udal gobernuak. Udalak aurreikusita duen urteanitzeko inbertsio plangintza aktibatzeko egoera ezin hobean dagoela azpimarratu du. Udaleko web atarian zintzilikatu den oharrean, itxi berri den 2017ko aurrekontuaren hainbat datu esanguratsu aipatzen dira. 2017ko aurrekontuaren exekuzio maila azken 10 urteetako altuena izan dela azpimarratzen da, exekuzio maila orokorra %91koa eta inbertsioen exekuzioa % 74,4koa izan dela zehaztuaz. 

  Azken 10 urteetan udaleko zerbitzu eskaintza asko zabaldu dela azaltzen du idatziak eta adibide gisa aipatzen dira, gizarte arloko diru laguntzen indartzea, landa eremuko zerbitzu eta diru laguntzak, udaleko kale garbiketa eta mantenu zerbitzu publikoak, berdintasun eta parte hartze zerbitzu berriak edota kultur, kirol eta hezkuntza arloan zerbitzu nahiz proiektu berriak. Baina zerbitzu eta diru laguntza eskaintza berri hori modu orekatuan egin dela nabarmentzen da, udaleko finantzen balantza modu berezian zainduz.

  2017ko aurrekontuak ixterakoan, sarrera arrunt eta gastu arrunten arteko diferentzia positiboa dela azpimarratzen du gobernu taldeak; 2 milio euroko aurrezkia izan dela zehaztuz. Azken urteetan eraikuntza sektoreko sarrera handiak desagertu diren arre,n maila honetako aurrezki arrunt positiboa mantentzea azpimarragarria dela dio gobernu taldearen idatziak.

  Finantza oreka mantendu ahal izateko sarrera arrunten kapituluak garrantzi berezia duela azaltzen da oharrean, eta zentzu honetan, 10 urteko epealdian Foru fondoa, etxebizitza urbanizazio berriak eta fiskalitate neurri berrien aplikazioa aipatzen dira.

  Udalaren zorpetzeari buruzko xehetasunak ere ematen ditu gobernu taldeak bere idatzian, une honetan zor bizia 900mila euro dela adieraziz, hau da, % 5ekoa. Edo beste era batera esanda, Oñatiren  mailako udalen bataz bestekoaren erdia. Gipuzkoako udal multzo osoaren bataz bestekoa %28koa eta Oñatikoa, esan bezala, % 5.

  Aipatu datu guztiek adierazten dute Oñatiko Udalaren egoera ekonomikoa zein den, udal gobernu taldearen hitzetan, egoera ezin hobea udalak aurreikusita duen urteanitzeko inbertsio plangintza aktibatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!