83 gaiko lan zerrenda osatu da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrerako

2015/07/16
Card image cap
Udal eraketa berriak eragindako etenaren ondoren, batzorde informatiboak lanean hasi dira eta gaiak pilatu dira

  Udal jarduna guztiz eten ez bada ere, hauteskundeak egin eta talde berria lanean hasi bitartean, urgentziazko gaiak bakarrik bideratu dira, horiek, Alkate Dekretuz erabaki direlarik. Halako premiarik ez zuten gai asko bitartean teknikoen mahaitan pilatuz joan dira eta orain, batzorde informatibo berriak eratuta, horien inguruko erabakiak hartu behar dira.

  Hirigintza eta zerbitzuak departamentua izan ohi da, udal gobernu taldeak astero egiten dituen batzarretara gai gehien eramaten duena. Honen jardunaren haritik 57gai aztertuko dira arratsaldeko bileran. Aipagarria da, besteak beste, Energiarako Euskal Erakundeak herri administrazioei ematen dizkien diru laguntzen gaia aztertuko dela. Energia eraginkortasuna hobetze aldera egiten diren inbertsioak sustatzeko laguntzak izaten dira eta aurtengo programari dagozkion eskaerak zehaztuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean. San Juan Artian egin asmo diren arkeologi miaketa lanak ere azalduko dira. Historikoki interesgarriak izan daitezkeen herriko guneekin jarraituz, Artzen-koba aztarnategiaren balizko espoliazioari buruz osatu den txostenaren berri emango zaio Gobernu Taldeari. Gaia, Ingurumen eta Landa Garapena batzordean aztertu da aurretik. Batzorde honek ere, Aizkorri-Aratz kontserbazio bereziko eremu izendatzearen gaia aztertu du. Kontserbazio neurriak onartzen dituen Dekretu Proiektuari alegazioak aurkezteko epea zabalik dago abuztuaren 13ra arte. Udalak ere zer esana izan dezakeela eta, gaia Gobernu Batzarrean eztabaidatuko da.

  Gipuzkoako Mendizale Federazioak homologatutako ibilbideen mantenuaz  igorri duen idatzia ere aztertuko da eta 2015eko Herri Eguna aurrera eramateko laguntza eztabaidatuko da. Ez da hori ordea herrian ospatzen diren jaiei erreferentzia egingo dion gai bakarra, Kultura Batzordetik, San Lorentzo eta Atzeko kaleko jaiak ospatzeko eskaerak  eramango baitira arratsaldeko bilerara.

  Kanpora begira bestalde, Ongizate Zerbitzuetatik, garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako diru laguntzak ematearen gaia azalduko da. Diru laguntza hauek emateko deialdia egitea proposatuko da.

  Gaurko Tokiko Gobernu Batzarrak luze joko du, lan zerrendan jaso diren 83 gaien berri emate soilak denbora eskatzen baitu. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!