800 oñatiarrek gripearen kontrako txertoa hartu dute, kanpainaren lehenengo hiru astetan

2022/10/24
Card image cap
Koronabirusaren kontrako laugarren dosia hartzeko aukera ere eskaintzen da

  Gehienek baiezkoa ematen dutela adierazi digute anbulatorioan. Hala ere, zenbaitek bi txertoen artean egun batzuk pasatzen uzteko hautua egiten dutela ere zehaztu digute. Gainera, kontu egin behar da, askok Covid-ean positibo eman dutela azken asteetan eta ondorioz, txerto-dosi berria hartzeko gutxienik 3 hilabete pasa behar direla, 80 urtetik gorakoen kasuan, eta bost hilabete gazteagoak direnean.

  Urriarekin hasi zen gripearen eta Covid-aren aurkako txertaketa kanpaina bikoitza, arrisku bereziko ohiko taldeei zuzenduta; hau da, 65 urte edo gehiago dutenak, gaixo kronikoak, haurdun dauden emakumeak eta osasun eta zaintza arloan diharduten profesionalak. Eta orain arte 800 bat gripe txerto jarri dira anbulatorioan. Covid-aren aurkakoak gutxiago izan dira eta nabarmen gutxiago gripearen kontrakorik ez baina Covid-aren laugarren txerto-dosia bakarrik hartu dutenak.

  Anbulatorioko erizainak herrian dauden erlijio-komunitateetara ere joan ohi dira txertoak jartzera, bataz besteko adina altua baita horietan. Santa Anara eta agustinoen komentura joateko daude oraindik, besteetan egon dira jada.

  Baina azaroa hastearekin batera 65 urtez azpikoei ere gripearen eta Covid-aren aurkako txertoak hartzeko aukera emango zaie. Azaroaren 1ean bertan aktibatuko ei da hitzordua eskatzeko aplikazioa 60 eta 64 urte arteko herritarrentzat eta hortik aurrera, txandaka-txandaka, gazteagoentzat ere bai.

  Gripearen eta Covid-aren kontrako txertaketa kanpaina Gabonak arte luzatzea aurreikusten da, nahiz eta osasun arduradunek data finkorik ez duten jakinarazi oraindik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!