8 milioi euroko mailegua kontratatzeko eskaintzak aztergai izango dira arratsaldeko Osoko Bilkura berezian

2019/09/12
Card image cap
Herrian bulegoa duten sei finantza erakunderen proposamenak jaso dira

  Azkeneko agiriaren onespena eta mailegu berria dira arratsaldeko Osoko Bilkura berezirako jaso diren bi gaiak.
Uztaileko Osoko Bilkuran inbertsioen berrantolaketa onartu zuen udalbatzak eta horren ondorioz, 11 milioi euroko mailegua beharko zela esan zen, atzo aurreratu genuenez. 11 milioi horitatik hiru Oñatiko Ur Jauziak enpresak emango dizkio Udalari, enpresaren administrazio kontseiluak hala onartu baitu. Beste zortziak berriz, banketxe edo finantza erakunderen batekin kontratatuko dira.

  Herrian sukurtsala duten erakundeetara jo zen eskaintzak eskatzera eta zazpi proposamen jaso dira. Bakoitzaren ezaugarriak aztertu dira: erabilgarritasun eta amortizazio epeak, interesa, komisio tartea eta abar. Guztiaren berri emango zaie udalbatza osatzen duten kideei, mailegua norekin kontratatu erabaki dezaten.

  18:00tan hasiko da Osoko Bilkura berezi hori. Ordubete lehenago Tokiko Gobernu Batzarra hasiko da eta asteroko bileran, zazpi gai aztertuko dira. Gizarte larrialdietarako dirulaguntzak, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eskaerak eta San Martin egoitzaren eta eguneko zentroaren kudeaketa eskualdatzeari dagokion erregimen ekonomikoaren behin betiko emaitzak aztertuko dira, besteak beste. Debagoieneko merkataritza dinamizatzeko helburuz Oñatiko udala eta Arrasateko Ibai Arte merkatari elkartearen arteko hitzarmena sinatzea ere proposatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!