8 langabe gutxiago zenbatu dira Oñatin urrian

2022/11/04
Card image cap
Langabezia bigarren hilabetez jarraian murriztu da eta tasa %6,21 da, urte hasieran baino puntu erdi txikiagoa

  Uztaila eta abuztuko handitze puntualaren ondoren, beheranzko joerari heldu dio berriro langabeziak eta bigarren hilabetez jarraian txikitu egin da. Urrian 8 langabe gutxiago zenbatu dira gurean eta 338 dira une honetan lana topatu nahi eta ezinean dauden herritarrak.

  Emakumeen kontratazioak eragin du langabezia txikitzea, 18 emakume gutxiago erregistratu direlako eta aldiz, 10 gizon gehiago. Horrek isla izan du  Oñatin lanik gabe daudenen proportzioan, 100 lagunetatik 55 emakumeak baitira eta 44 gizonezkoak. Iraila amaieran aldea 18 puntukoa zen, % 59 emakumeak eta 41 gizonezkoak. Adinari erreparatuta berriz, 25 urtetik gorako emakumeak dira bereziki kontratatu direnak.

  Iazko urriko datuekin alderatuta, 19 langabe gutxiago dago egun Oñatin. Baina pandemia aurreko 2019ko urriko datuak eskutan, 18 gehiago dira. Dena den, orduan goranzko bidean zihoan langabezia gurean eta orain behera doa. Joera horrek zenbat hilabetetan eutsiko dion ikusteko dago, urria, gutxitzen joan den segidako bigarren hilabetea izan baita. Udazkena enplegurako urte sasoi ona izan ohi da gurean, kontratazioak ugaldu egiten direlako. Aurten, halaxe baieztatzen ari da.

  Hego Euskal Herrian aldiz, 152 langabe gehiago zenbatu dira urrian. Baina zehaztu behar da joera ezberdina izan dela herrialdearen arabera: Nafarroa eta Bizkaian langabezia handitu egin da eta Araban eta Gipuzkoan txikitu. Hala ere, azken hilabetean gora beherak txikiak izan dira herrialde guztietan. Baina urriko datuetan Gizarte Segurantzaren afiliazio kopuru altua nabarmendu da. Hego Euskal Herrian ia 16.000 kotizatzaile berreskuratu ditu Gizarte Segurantzak. Ekainean, kurtsoa amaitzearekin batera baja eman zuten irakasle asko lan merkatura itzuli izanari egotzi diote adituek kotizatzaile kopurua handitu izana. Baina beste sektoretan ere izan da igoerarik, Hego Euskal Herrian inoiz baino langile gehiago baitzeuden urri amaieran: 1.291.882.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!