8 lagun aurkeztu dira TAO kontrolatzaileen lan poltsarako, orain arte

2023/05/23
Card image cap
Bihar amaituko da izena emateko epea

  Udalak osatu asmo duen TAO kontrolatzaileen lan poltsara aurkeztu ahal izateko oinarrizko bi baldintza bete behar dira: eskola graduatua eta II. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara ezagutza izatea. Orain arte zortzi lagunek eman dute izena baina gehiago aurkeztea espero da, epea bihar amaitzen baita.

  TAO kontrolatzaileen lan poltsa osatzeko oposizio-lehiaketa sistema erabiliko da eta propio zehaztu den gaitegian oinarritutako azterketa teorikoa gainditu beharko dute hautagaiek. Euskara maila agiri bidez ziurtatzen ez dutenek ere, euskarazko azterketa egin beharko dute. Bi probak gaindituta, lehiaketa fasean, lan esperientzia eta prestakuntza osagarria baloratuko dira, hau da, titulazio akademiko ofizialak, lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak eta euskara maila.

  TAO kontrolatzaileen lan poltsa eratzeko deialdia egin da, azken bost hilabeteetan kalean ibili diren bi TAO zaintzaileren lanari jarraipena emateko asmoz. Bi langile horien lan kontratuak amaitzear daude baina TAOa kontrolatuko duen norbait behar da, sistema eraginkorra izan dadin, eta udaltzainek ezin dute lan hori egin, une honetan. Horregatik, eta urtebetez, aldi baterako programa onartu da, hartarako pertsonal eta material bitartekoak jarriko direlarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!