737 lagunek 1.440 ekintzetan izena eman dute uda kanpainako kirol eskaintzan

2021/05/27
Card image cap
Plazak esleituta, posta elektronikoz jakinarazi dira

  Eskaldada, patinajea, golfa edota minitenisean itxaron zerrendak osatu dira plazak esleitzeko lehen prozesuaren ondoren. Dena den, aktibitate horietako zenbait taldetan lekua bada eta horiek eskainiko dira datorren asteartetik aurrera.

  Beharra izan den kasuetan plazen zozketa egin da eta eskatzaile bakoitzak zein ekintzatan parte hartuko duen jakinaraziz posta elektronikoak bidali dira. Dena den, helbidea gaizki zegoelako edo eman ez zutelako, jakinarazpenik jaso ez duenari, kiroldegira telefonoz deituta azalduko zaio. Ez baita zerrendarik argitaratuko edo jendaurrean jarriko.

  Orain esleitu diren aktibitate plazaren batean baja ematea gerta liteke, maiatzaren 31ra arteko epea izango da horretarako, eta dauden bajak eta osatzeko dauden taldeak kontuan hartuta itxaron zerrendan geratu direnei eskaintza konkretuak egingo zaizkie, asteartetik aurrera. Ekainaren 1etik 4ra egingo da plaza libreen eskaintza. Eskatzaile orok ekintzaren batean parte hartzeko aukera izatea lortu nahi da, eta aurreko urteetan esperientzia gogoan, gehienak sartu ohi direla adierazi digute kiroldegiko arduradunek.

  Ordainketari dagokionean berriz, eskatzaileak ez du ezer egin beharko; ikastaroa hasi bezperan kuotaren kargua egingo da kontu korrontean. Horretarako kiroldegiko bazkide ez direnei zenbakia zehaztea eskatu zitzaien izena eman zutenean.

  Pandemiak eraginda iaz ez zen udako kirol kanpainarik eskaini baina aurtengoak ohiko erantzuna izan du, 737 partaide eta 1.440 ekintza eskaera jaso baitira. Udako kirol kanpaina ekainaren 28tik uztailaren 23ra luzatuko da aurten; lehen txanda uztailaren 9an amaituko da eta bigarrena uztailaren 12an hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!