71 eskaera jaso dira Iturrigorritik ateratako su egurra eskuratzeko

2016/10/10
Card image cap
Eskatzaileek 680 €ko diru sarrera egin behar dute egurra jaso aurretik

  Horixe jakinaraziz idatzia bidali zaie eskaera egin zuten herritar guztiei. Izan ere, guztiek jarritako baldintzak betetzen dituzte eta Iturrigorritik nahikoa egur aterako dela uste denez, ez da zozketa egin beharrik izan. 

  Pasa den ostegunean hasi ziren jada Iturrigorriko pagadian bakanketa lanak egiten. 40-70 urte bitarteko pago adarrak moztuko dira eta hortik sortzen den egurra, sutarako salduko da. Su egurra, 20-60 zentimetro bitarteko diametroa duten 5 metro inguruko zatitan emango da eta guztira, 13-15 tonako kamioikada-loteak eskaini zituen Udalak 680 eurotan.

  Hartarako jarri zen epean, 71 herritarrek su egurra eskuratzeko eskaera egin zuten udaletxean. Orain, aipatu 680 €en ordainketa gauzatzeko eskatu zaie Udaleko Nekazaritza Departamentutik. Horretarako, Kutxabank edo Laboral Kutxako kontu korrontetan dirua sartu beharko dute.  Behin ordainketa eginda, eta egur loteak gertatzen joan ahala, bakanketa lanak egiten diharduen enpresako ordezkaria eskatzaile bakoitzarekin harremanetan jarriko da su egurra non utzi behar den adosteko. Iturrigorriko pagadian pasa den astean hasi ziren bakanketa lanak egiten eta urte amaierarako amaitu eta bertatik ateratako su egurra banatuta izatea espero da.

  Hirugarren aldia da Udalak Iturrigorriko pagoak moztu edo bakanketa lanak egitearen ondorioz, herritarrei su egurra erosteko aukera eskaintzen diela. aurretik, 2010ean eta 2012an egin zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!