Oñatiko udala

7 laguneko taldea ari da jada Araotzeko baserrietan “erreusak” katalogatzen

2021/07/07
Card image cap
Boluntario taldeen landa lana irailaren 3ra arte luzatuko da

  Astelehenean ekin zion lehen boluntario taldeak ostiralera arte luzatuko duen landa lanari. Araotzeko hainbat baserri bisitatuko dituzte lehenik eta ostiralean Arantzazun osatuko dute erronda. Helburua, baserri horietan gordetzen den ondare etnografikoa identifikatzea da; pieza bakoitzaren argazkia atera eta fitxa beteko da eta bide batez, piezen inguruko historia eta lekukoen testigantzak jasoko dira, informazio osagarri moduan.

  Emaitza arrakastatsua izan dadin lan metodikoa egin beharko du boluntario talde bakoitzak eta horretarako formazioa jaso zuten ekaina amaieran egin ziren bi saioetan. Izan ere, 40 bat lagunek eman dute izena boluntario gisa Erreusak egitasmoan parte hartzeko eta komeni da talde guztiek lan metodologia berbera jarraitzea. Talde bakoitzak astebeteko landa lana beteko du eta, astelehenetik ostiralera, egitasmoaren arduradunek aurrez zehaztutako hainbat baserri bisitatuko dituzte. Araotz eta Arantzazu artean lanean dabilen lehen taldea zazpi lagunek osatzen dute, bost boluntariok eta bi arduradunek.

  Oñatiko ondare etnografikoaren bilduma osatzea da Erreusak proiektuaren helburua. Horretarako herriko 80 baserri eta beste zenbait tailer eta erakunde bisitatuko dira uztaila eta abuztuan zehar. Gutira, 1.400 pieza inguru katalogatzea aurreikusten da. Egitasmoaren azken helburua, arbasoek utzitako ondarea jaso eta hurrengo belaunaldiei uztea da.

  Astean hasi den landa lana irailaren 3ra arte luzatzeko asmoa dago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!