Oñatiko udala

7 baserri eta auzo-bide konponduko dira aurten

2021/07/15
Card image cap
Auzo-alkateen foroan adostu zen 2021eko konponketa planari ekiteko proiektu teknikoa eskuratu du Udalak

  Auzo bakoitzetik udaletxean jasoaz joan diren eskaera eta proposamen ezberdinen artean, lehentasunak markatu ziren otsaileko auzo-alkateen foroan eta premia gehien duten 7 auzo-bide konpontzea adostu zen: Larrain Gain elkartetik Antzuolabeitia eta Antzuolagoitia baserrietara dauden bideak, Arantzazuko errepidetik Erostegi-Txiki baserrirako bidea, Biain Urruti eta Umerez baserrien artekoa, Aiastui eta Antzuola baserriak lotzen dituena, Munazategitik Askonitzara dagoena eta Irubieta eta Narraspe baserrien arteko bidea. Hiruk zoladura oso kaltetuta dute, beste biren kasuan urak bideratu behar dira eta beste bitan asfaltatze lanak egin behar dira.

  Injelan enpresari eskatu zitzaion aipatu auzo-bideen konponketarako proiektu teknikoa idaztea eta udal teknikariak txostena aztertzen ari dira. Proiektuan zehaztutako konponketa lanen aurrekontua 140.000 euro inguru da.

  Zazpi auzo-bideen konponketa lanak lizitazio bakar batean esleitu asmo dira. Horretarako plegoa prestatu eta prozedura irekia kaleratu beharko da. Abuztua badatorrela eta horrek prozesu administratiboak moteltzen dituela jakinik, auzo bideen konponketa lanak udazkenean egitea aurreikusten du Landa Garapeneko teknikariak.

  2021eko egitasmoa martxan, 2020an egindako hainbat lanetarako dirulaguntza iritsi da Foru Aldunditik. Konkretuki, Arretxe baserrirako  eta Errekalde-Torretxebarrirako bideak konpontzeko ia 30.000 euroko dirulaguntza jaso da, aurkeztutako aurrekontuaren %45a, gutxi gora behera. Aldiz, Murgiko errotarako bidea konpontzeko egin zen eskaera ez da onartu, jasotako beste laguntza batekin 35.000 euroko gehienezko laguntza gainditzen dela argudiatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!