6 eurotan finkatu da gurean estreinakoz 3 dimentsiotan pantailaratuko den film emanaldietarako sarrera prezioa.

2013/02/13
Card image cap
Ingurumen jardunaldien baitan “La cueva de los sueños olvidados” pelikula otsailaren 28an eta martxoaren 1ean emango da.

  Natur eskolak, kultura departamentuak eta zine klub taldeak ahalegin berezia egin dute Werner Herzog-en dokumental berezi hau gurera ekarri eta zuzendari alemaniarrak grabatu bezala pantailaratzeko, hau da, hiru dimentsiotan emateko. Eta sarrerak, ohikoa dena baino prezio merkeagoan jartzeko: 6 eurotan.

  Oñatin, pelikula 3 dimentsiotan eman ahal izateko, egungo zine proiektorea egokitu egin behar da lehenik. Makina digitala 3D formatuan proiektatzeko prestatu behar da eta horretarako tekniko aditu bat etorriko da. Adaptazio lanak 1.000 euro inguruko kostua izango du. Hori, hein handi batetan, udalak hartuko du bere gain. Baina ikustera emango den filmak duen kalitatea kontutan hartuta eta egiten den inbertsioa ere apur batean parekatzeko “la cueva de los sueños olvidados” filma birritan ematea erabaki da: zine klubeko programazioaren baitan otsailaren 28an, eta ez ohiko emanaldian, martxoaren 1ean, arratsaldeko 7:30ean. Bi emanaldietan, zine sarrera ohikoa baino garestiagoa izango da: 6 euro. Oñatin, zine sarrerek duten prezioa baino garestiagoa, baina beti ere 3D formatuan proiektatzen duten aretoetan baino merkeago.
Baina ikusi ahal izango den pelikulak bai antolatzaileek eta baita ikusleek egingo duten esfortzu ekonomiko hori merezi du.

  Filmak, historiaurreko pinturarik garrantzitsuenetakoak gordetzen dituen Chauvet izeneko kobazuloan barrena eramango gaitu. Leize zuloko hormetan ehunka pintura daude, batzuek 30.000 urte baino antzinagokoak eta oso ondo kontserbatuta.

  Filmaketa zaila izan zen egun gutxi eta mugitzeko zailtasun ugari zituen gunean lan egin behar zelako. Herzog-ek, barnealdera egindako esplorazio pertsonal eta antropologikoa osatu zuen, naturaren eta edertasunaren gaineko hausnarketa eginez. 

  Horixe da hitz gutxitan, LA CUEVA DE LOS SUEÑOS OLVIDADOS 95 minutuko dokumentala. Eta horixe da, bi aste barru gurean ikusi ahal izango duguna eta estreinako aldiz 3 dimentsiotan gainera.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!