Oñatiko udala

5.000 euroko dirulaguntza emango dio udalak Larraña institutuari Helduen Eskolak sortutako gastua arintzeko

2021/09/07
Card image cap
104 ikasle aritu ziren maila ezberdineko eskolak hartzen iaz

  Oñatiko Helduen Eskola Larraña institutuan kokatzen da. Bertan, irakaskuntza arautuan, oinarrizko alfabetizazio eskolak eta DBHko titulua eskuratzeko eskolak eskaintzen dira. Formazio ez arautuan berriz, ingelesa, informatika edota atzerritarrei zuzenduta gaztelerazko ikastaroak ere ematen dira. Eskolak, arratsaldez izan ohi dira.

  Oñatiko Helduen Eskolan 104 ikasle eta hiru irakasle aritu ziren iaz. Ikasleen erdiak, 52, atzerritarrentzako gaztelera eskoletan egon ziren, lau taldetan banatuta. Gaztelera ikasitako gehienak, denak ez esateagatik, Larrañako errefuxiatuen zentroko ikasleak izan ziren. Oñatiarrek berriz, ingelesa ikastea hautatu zuten eta 34 aritu ziren beste bi taldetan banatuta. Aipagarria da azkenik, Gradu I taldea ere eratu zela beste 18 ikaslerekin.
Horiek, 2020-2021 ikasturteko datuak dira, “kontrolpeko normaltasunean edo” osatu zen ikasturtea. Izan ere, 2019-2020 ikasturtea aurreikusitakoa baino lehenago amaitu zen, martxoaren 12an, pandemiak eraginda.

  Helduen Heziketa Iraunkorra edo EPA zerbitzua bere eraikinean hartzeagatik udalaren dirulaguntza jaso ohi du Larraña institutuak. 2020-2021 ikasturtean izandako gastuei aurre egin ahal izateko 5.000 € ematea erabaki berri du udalak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!