Oñatiko udala

5.000 euro gorde dira Arantzazuko aparkalekua elurrez garbitzeko

2024/01/09
Card image cap
(Arg: Goiena)
2023-2024 neguko bide-lanen baitan onartu da aurrekontua, Alkate dekretuz

  Elurte eta izozte egoeratan herritarrei erantzun egokia ematea helburu du Udalak urtero zehazten duen neguko bide-lanen kanpainak. Horretarako, Neguko Bide-Lanen Jarduketak Koordinatzeko Protokoloa martxan jartzen da.

  Auzobideak garbitzeko udalerria sektoreka banatzen da eta gune bakoitzerako udal jabetzapekoak diren 4x4 ibilgailua eta traktorea erabiltzen dira, brigadako langileek gidatuta. Nolanahi, behar guztiei egoki erantzun ahal izateko ezinbestekoa da auzotarren laguntza. Hain zuzen, Goiko Benta eta Sindika ostatu inguruak garbitzeko ardura, Sindikako bizilagunek hartzen dute.

  2023-2024 neguko bide-lanei begira, Arantzazuko aparkalekua asteburutan garbitzeko aurrekontua eskatu da, elurtuta egoteak sortzen duten arazoei aurre egin ahal izateko. Tomas Sagastik egin duen zerbitzu proposamenean bi kontzeptu zehaztu ditu: disponibilitatea edo urtarriletik apirilera bitartean asteburuetan libre egotea eta elurra kentzeko lan ordua. Proposamena aztertuta 5.000 euroko partida gordetzea erabaki da Alkate dekretuz.

Azken bi kanpainetako gastua aztertu da, jakinik, zerbitzua ez dela errepikatuko eta unean uneko meteorologiaren arabera aldatuko dela. Baina azken urteetan 3.000 euroren azpitik egon da Arantzazuko aparkalekuaren neguko garbiketa zerbitzua eta gordetako 5.000 euroekin 2024ko beharrak betetzea espero da.

  Elur maila 400-500 metrotara jaistea aurreikusi da bihar-etzirako, beraz, pentsatzekoa da elurrak Arantzazuko bazterrak zurituko dituela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!