Oñatiko udala

405 langabe daude Oñatin, martxoan baino 32 gehiago

2020/05/05
Card image cap
Langabezia tasa % 7,45 da, 2016ko lehenengo sei hilekoan neurtutakoaren parekoa

  Aurreikusitako moduan gora egin du langabe kopuruak apirilean, konfinamenduak eta eguneroko jarduera asko moteldu duen alarma egoerak bete betean hartu duen lehenengo hilabetean. Oñatin, martxoan baino % 8,57 langabe gehiago zenbatu dira, edo beste era batera esanda, 32 lagun gehiago. Igoera, bereziki, gizonezkoen artean gertatu da, martxoan baino 20 gizonezko gehiago zirelako Oñatin lana topatu ezinda, eta adinari dagokionean berriz, nagusiki, 25 eta 44 urte artekoen artean nabaritu da igoera. Aurrez betetzen zuten lanari erreparatuta, zerbitzuen sektorean ziharduten emakumeak eta industrian ziharduten gizonezkoak izan dira lanpostua galdu dutenen artean aldea markatu dutenak azken hilabetean.

  Espainiako Lan Ministerioak zabaldutako datuak eskutan Oñatiko langabezia tasa % 7,45 da une honetan. Halako tasa altua topatzeko lau urte egin behar ditugu atzera, 2016ra hain zuzen. Urte hartako udazkenean hasi zen herriko langabezia tasa % 7tik jaisten. Iaz esaterako, hiru hilabetetan izan ezik, urtea % 6aren azpiko langabezia tasarekin eman genuen.

  Orain urtebeteko datuekin alderatuta, apirilean izan den langabezia igoera are eta nabariagoa da, iazko apirilean baino 88 langabe gehiago daudelako Oñatin. Orduko tasa % 5,83 zen, oraingoa, puntu eta erdi handiagoa, %7,45 esan bezala.

  Langabe kopuru hauei ERTE batek eraginda herrian dauden langile kopurua batu behar zaie. Apirilaren 29ko dataz, 465 langile zeuden Oñatin, aldi baterako lan erregulazio espediente egoeran.

  Ikuspegia zabalduta, Hego Euskal Herrian 13.507 langabe gehiago zenbatu dira apirilean eta 179.085 pertsona daude lanik gabe Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; iazko apirilean baino kasik 31.000 gehiago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!